BILBO 17 Jul. (eUROPA PRESS) -
Bizkaiko 85 ikastegitako ikasleek "Abentura Antzokian" bizi zuten Bilboko Arriaga Antzokian apirilaren 23tik maiatzaren 26ra bitartean, eta esperientzia "hunkigarri" hori 1.227 marrazki eta gutunetan islatu dute.
Antzoki bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez, guztira 844 marrazki eta 383 gutun jaso ditu. Horietan, 7 eta 12 urte bitarteko haurrek antzokiko abenturan deigarrien zer gertatu zitzaien adierazi dute, margoen eta hitzen bitartez. "Abentura Antzokian" Arriaga Antzokiaren ekoizpen berritzaile bat da haurrei zuzendua.
Arriaga Antzokitik irten baino lehen, ikusle txikiek obraren gida didaktiko bana jaso zuten. Gidan proposamen bat luzatu zien antzokiak: muntaiari buruzko marrazki edo gutun bat postaz bidaltzea eta antzokira eramatea. Gonbidapena 1.000 haur baino gehiagok hartu dute gogoan.
"Oso marrazki eta gutun berezi eta ederrak jaso ditugu eta, zaila gertatu zaigun arren, 30 marrazki eta 5 gutun aukeratu ditugu, gure web-orriko irudien galerian jartzeko: www.teatroarriaga.com. Dagoeneko ikusgai daude, hiru hizkuntzatan gainera: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez", azaldu dute.
Halaber, jasotako 383 gutunetatik bost argitaratu dira. Gutun horietan haurrek adierazi dute Denboraren Museoan zer lurperatu nahi duten. Izan ere, Bilboko lurpeko museo horretan milaka pertsonaren objektu kutunak daude lurperatuta; objektu horiek erlojugileak eta estolda-zaintzaileak babesten dituzte.
Jasotako gutun eta marrazki mordoarekin, "Abentura Antzokian" ekimenaren helburuetako bat bete da: antzerki-muntaia hutsa baino gehiago izatea eta txikienengan antzerki-zaletasuna sortzea, hiru istoriorekin sormena sustatuz: "A alfabetoa", "Denboraren Museoa" eta "Joneren ametsa".
Marrazkiez eta gutunez gain, Interneten "Abentura Antzokian" dokumentala ere ikus daiteke, hezkuntb hezkuntza-webean. Bideoak 17 minutu irauten du, eta euskaraz eta gaztelaniaz egindako adierazpenak ditu, Lluís Pasqualenak eta haur-antzerkiaren ekoizpen berritzaile horretan parte hartu zuten beste aktore batzuenak.
Dokumentala Josi Sierra edublogger eta irakasleak grabatu, editatu eta Interneten jarri du. Josi Sierra eta beste irakasle batzuei esker jarri da abian hezkuntb web-helbidea. Bertan hezkuntza-bideoak eta bideo pedagogikoak jartzen dituzte, besteak beste, "Abentura Antzokian" izenekoa.