Abokatutza eta prokuradoretzako lanbideetarako sarbide probak euskaraz ahal izango dira aurrerantzean

Actualizado: martes, 27 septiembre 2016 15:15

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak baimena eman du astearte honetan "Justizia Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren, Kataluniakoaren, Galiziakoaren eta Valentziakoaren arteko Lankidetza Hitzarmena" sinatzeko, abokatutzako eta prokuradoretzako lanbideetarako sarbide probak dagozkien hizkuntza koofizialetan egiteko aukera izan dezaten. Modu honetan, abokatutzako eta prokuradoretzako lanbideetarako sarbide probak euskaraz egin ahal izango dira.

Josu Erkoreka Eusko Jaurelaritzako bozeramaileak Gobneru Bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, hizkuntza ofizial propioa duten estatuko lau autonomia erkidegoen "erreibindikazio historikoa da, azkenean gauzatzea lortu dena, Espainiako Gobernuak behin eta berriz adierazitako eragozpenei konponbidea eman zaie-eta".

Hemendik aurrera, hitzarmen hori sinatu izanari esker, izangai bakoitzak askatasunez erabaki ahal izango du proba gaztelaniaz ala euskaraz egin nahi duen. Gainera, EAEko, Kataluniako, Galiziako, Valentziako eta Espainiako erakundeen ordezkariek sinatuko duten testuak itzulpenaren kalitatea bermatzen du, baita probak, egiten den hizkuntzan egiten dela ere, prozesu osoan izaera bakarra, berdina eta konfidentziala izango duela bermatu ere.

Bost erakundeek batera aurki sinatuko duten hitzarmenak alderdi sinatzaile bakoitzak bere gain hartzen dituen betebeharrak jasotzen ditu. Horrela, Espainiako Gobernuak jarri beharko ditu itzulpenak bere egoitzan egiteko behar diren instalazioak eta informatika materiala, eta konpromisoa hartzen du itzulitako txantiloiak gehitzeko, sarbide probaren egunean izangaien eskueran egon daitezen.

Gainera, EAEko, Kataluniako, Galiziako eta Valentziako gobernuek bermatuko dute beren itzulpen zerbitzuak Justizia Ministerioaren egoitzara joan ahal izango direla proba dagokion hizkuntza koofizialera itzultzeko. Autonomia erkidego bakoitzeko Justizia saila izango da joan-etorri horren ondorio den kostu ekonomikoa bere gain hartu beharko duena.

Hitzarmena sinatu ondoren, bertan ezarritakoa kontrolatu, koordinatu eta interpretatuko duen jarraipen batzorde parekidea sortuko da. Justizia Ministerioak izendatutako lau kidek eta hitzarmena izenpetzen duten autonomia erkidegoen kide banak osatuko dute. Gutxienez urtean behin bilduko da.