BILBO 1 Oct. (EUROPA PRESS) -
Agerre Teatroa konpainiak Maite Agirrek idatziriko "Nork ikusi du Dultzinea?" haurrentzako antzezlana estreinatuko du igande honetan Villabonako (Gipuzkoa) Gurea Antzokian. Miguel de Cervantesen "On Kixote" liburuaren pasarterik esanguratsuenak islatzen ditu antzezlanak, nahiz eta, Agirreren esanetan, "obra honen ikuspegi zabala ematea baino, irakurzaletazuna eragitea du helburu eta haurrei, liburuekin gauza asko egin daitezkeela adieraztea. Liburuekin zaila dena aspertzea da".
Maite Agirrek idatzia, Agerre Teatroaren ohiko lankideak biltzen ditu, besteak beste, Ainhoa Pineda, David Azurza kontratenorea, Amaia Corral txalapartaria eta Ines Martinez de Iturrate txotxongilo-antzezle eta musikaria. On Kixoteren istorioa oinarri duela, haurren partaidetza bultzatzea du xede, ikuskizuna bapatekotasunari eta jolasari zabalik dagoen heinean. Hala bada, haurrek koru bateko kide bilakatu, txalaparta jo edota txotxongiloekin jolastuko dute, konpainia donostiarraren "Haur Kabareta" ikuskizunean gertatzen zen bezala.
"Zoroek, haurrek bezala, helduen begietatik at gelditzen direnak ikusteko gai dira. Zergaitik ote? Helduok inora ere ez begiratzen dugulako, korrika eta presaka gabiltzalako, eta ikusteko, begiratu behar delako", dio antzezlanak Pomelo pertsoniaren bitartez. Izan ere, haurrak antzokira eraman baino, eurekin hara joateko esperientzia bultzatu nahi izan du Agerre Teatroak, helduei ere keinuak eginez.