Alvaro Arocaren "Paperezko Itsasontzia" artelana urtebetez egongo da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan

Egilea eta artelana atzean
BILBOKO ITSASADARRA ITSAS MUSEOA
Actualizado: miércoles, 11 mayo 2016 17:46

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Interbentzio Artistikoa programaren laugarren edizioko irabazlea izan den Alvaro Arocaren "Paperezko Itsasontzia" artelana aurkeztu dute asteazken honetan Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako Fakultateak, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, Aurtenetxea Containers enpresak eta Bilboko Udalak antolatu duten ekimena da Interbentzio Artistikoa, eta merkantzien garraiorako erabili ohi diren bost edukiontzi industrialentzako proposamen artistiko bat egitea izan da helburua.

   Lehiaketa EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikasle guztiei zuzendu zaie eta irabazlea Alvaro Aroca izan da, "Paperezko Itsasontzia" piezarekin. Artelana Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zabaldegian kokatu da urtebetez ikusgai egon dadin.

   Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zuzendari Jon Ruigomezek azaldu duenez, laugarren edizioa egin duen lehiaketa "indarra hartzen" ari da. "Ontziola batean ondarez eta artista ospetsu zein hasiberrien lanez inguratuta egotea ohorea da", gaineratu du.

   Halaber, Alvaro Aroca "pozik" agertu da eta antolakuntzari eskertu dio "ekimenean parte hartzeko aukera eta irabazi izanaren zortea". Txiletarra bera, 2011an heldu zen EHUko Arte Ederretako Fakultatera master bat egiteko asmoz, eta doktoretza bukatzeko geratu da.

   "Paperezko Itsasontzia" pieza "itsasadarraren inguruan paseatzen" zegoela jaio zen, ura eta itsasoaren inguruko bere oroitzapenen bitartez. Artelanaren helburua "jendeak zonaldetik paseatzen duenean bukatu gabeko figura ikustea eta pentsaraztea, bueltak eman araztea eta beraien begiradarekin eraikitzea" da. Eskulturak perspektiba ezberdinekin jolasten du, norbaitek obra begiratu eta "zeozer imajinatu, oroitzapen bat izan" dezan. Begirada eta oroitzapenak behartu nahi ditu, ez diolako "erraz utzi nahi ikusleari".

   Arocaren lana saritzeaz gain, bi accesit eman dira: bata Aranzazu Tempranori, "Hilero da marea" eskulturagatik, eta bestea Mariana de Viana eta Xabier Dobarani, elkarrekin sortutako "Xirga" piezagatik.