GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)
Arabako Foru Ogasunak 124,1 milioi euro berreskuratu zituen 2016. urtean iruzurraren aurkako ekintzen bitartez. Zehazki, Ikuskatze Zerbitzuak 3.734 espediente izapidetu zituen, 77 milioi euro berreskuratzea ahalbidetuz. Zenbateko horri gehitu behar zaizkio kudeaketaren bidez berreskuraturiko 47 milioi euro, hots, zergen eta zorren likidazioak berrikusten dituzten Ogasuneko zerbitzuek egindako lanaren bitartez berreskuraturikoak.
Horrela jakinarazi du astelehen honetan Jose Luis Cimiano Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak, 2016ko Iruzurraren aurkako Planaren balantzearen berri eman baitu Arabako Batzar Nagusietan.
2015. urteko datuekin alderatuta, Cimianok nabarmendu duenez, Ikuskatze Zerbitzuak askoz diru gehiago bildu zuen iaz Sozietateen gaineko Zergaren bitartez. Hain zuzen, 52,9 milioi euro berreskuratu ziren zerga horren ordainketa dela eta, 2015eko 12 milioi euroen aldean; beraz, zifra laukoiztu egin da. "Sozietateen gaineko Zerga berrikustea lehenestea erabaki da, eta horren ondorioz nabarmen gehitu da zerga horrekin loturiko espediente kopurua", azaldu du.
Horren harira, Cimianok azpimarratu du ikuskapenaren ardatzean pertsona juridikoak edo enpresak jarri direla, eta murriztu egin direla pertsona fisikoen gaineko jardunak. "Horra hor zergatik areagotu den %39 pertsona juridikoei irekitako espedienteen kopurua", nabarmendu du.
Halaber, zerga delituak aipatu ditu, eta horiek ere hazkunde esponentziala izan dutela azaldu: "Guztira zazpi espediente bidali ditugu Fiskaltzara, zortzi milioi euroko balio zenbatetsia izan dutenak, eta hori gehikuntza handia da 2015eko datuen aldean, orduan bi zerga delitu baino ez baitziren antzeman".
2017AN
Bestalde, Arabako Ogasunak iruzurraren kontrako borrokan 2017an zer irizpide ezarriko dituen aurreratu du Cimianok. Berritasun aipagarrienetako bat informazioa hobetzea da, hain zuzen, zenbait garapen eta analisi egitea BEZaren kudeaketarako Informazioaren Berehalako Horniketa Sistema ezartzeko, aukera emango baitu berehala ezagutzeko enpresek fakturatutako eragiketa oro. Horretarako, Ogasunak datuak era masiboan tratatzeko programa informatiko berriak ezarriko ditu.
Internet bidez egiten diren eragiketa digitalen eta ordainketa elektronikoen gaineko kontrola ere ezarriko da, ordainketa elektronikorako pasabideak kontrolatzearen bidez. Orobat, herritarrek zerga gaiekiko kontzientzia hartzeaz ere aritu da diputatua: "Ahalegin berezia egin nahi dugu iruzurraren aurkako borrokaren filosofia herritarrengana hurbiltzeko. Garrantzitsua da arabar guztiek Arabako
Ogasunaren jardueran partaide eta laguntzaile direla sentitzea".
Zenbait adibide aipatu ditu, hala nola unitate didaktikoak egitea 2017-2018 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako zikloan lantzeko. Enpresa Handien Unitateak iruzurraren aurka gauzatzen dituen ekintza
batzuk zein diren ere azaldu du, besteak beste, transferentzia prezioak, enpresen berregituratzeak, talde bereko enpresen arteko eragiketak eta zergak ordaintzea saihesteko barne zein nazioarteko araudiaren abusuzko erabilera kontrolatzea.
Azkenik, iruzurrari aurre hartzeko edo detektatzeko ekintzen zerrenda luzea eman du: egiaztapenak negozioetan, fakturak manipulatu, ezabatu edo suntsitzen dituzten ikusteko, edo tiketak edo faktura sinplifikatuak ematen dituzten egiaztatzeko kanpainak; sozietateetan kenkarien kontrola, eta PFEZeko kenkariak berrikustea.
"Azken finean, Araban iruzurraren aurkako borroka eraginkorrago egitea da kontua. Ez du inork ahaztu behar zerga iruzurrak gastu publikoari eusteko ekarpenik ez egitea esan nahi duela, zerbitzu publikoen kalitate maila kaltetzen duela, bai eta gizarte prestazioena eta erakunde publikoen jarduerarena ere. Eta, hain zuzen ere, gure zergekin ordaintzen direla egoitzak, herri lanak, ingurumena onik zaintzekoak, eta herritarrentzako zerbitzu publiko guztiak. Ogasunari iruzur egitea denoi iruzur egitea da", adierazi du.