DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)
Universidad del Pais Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikerketa batean, material hibrido fotoaktiboak lortu dira koloratzaile egonkorrago eta zurrunagoen bidez, eta aplikazioak hainbat izan litezke.
Rebeca Sola UPV/EHUko ikertzaileak argiarekiko erantzun desberdina duten materialak garatu eta karakterizatu ditu. Hainbat alorretan erabili ahal izango dira material horiek, hala nola optikan eta biomedikuntzan. Lortutako material-motetako bat dira, esaterako, koloratzaile fluoreszente organikoak barnean dituzten egitura ez-organiko ildodunak. Egiturak, batetik, egonkortasuna ematen dio koloratzaileari, eta, bestetik, zurruntasuna ematen dio sistemari;
hala, haren propietate fotofisikoak areagotu egiten dira.
Ikertzaileak azaltzen duenez, "material oso fluoreszenteak lortu dira, eta koloratzaileak ordenatuak dituzte; hala, erantzun oso anisotropoa ematen diote linealki polarizatutako argiari", alegia, materialek desberdin erantzuten dute argi intzidentearen polarizazioaren norabidearen arabera. Gainera, material horien sintesia "nahiko sinplea da", adierazi du Solak: "koloratzailea barruan okluitua duten egitura kristalinoak lortzen dira, hura kristalean sartzeko difusio-prozesurik aplikatu beharrik gabe".
HAINBAT APLIKAZIO OPTIKO
Era horretan, ikertzaileak hainbat eratako propietate optikoak dituzten materialak lortu ditu. "Oso interesgarriak dira antena artifizialaren efektua dutenak, koloratzaile-espezie desberdinen
ordenamenduarekin eta norabide bakarreko energia transferentziarekin", adierazi du. Material-mota
horrekin, hainbat koloretako fluoreszentzia duten partikulak lortzen dira, zeinak gai baitira argiaren energia mutur batean jaso eta kontrako muturrera transferitzeko. Hori interesgarria izan liteke eguzki-zeluletan integratzeko.
Eskuratutako beste material bat da fluoreszentzia atzeratua igortzen duen material bat: sistemaren fluoreszentziak, ohikoa den moduan eszitazio-iturria kentzen den unean bertan itzali ordez, iraun
egiten du segundo-hamarren batzuetan, eta arazorik gabe ikus daiteke begi hutsez. "Halakoak interesgarriak izan litezke LED teknologietarako", azaldu du. Bestalde, laser intzidente baten argia
energia bikoitza duen argi bihurtzeko gai diren materialak ere lortu dira.
Material horiek egitura ez-organikoan koloratzaile bat baino gehiago sartzea onartzen dute; zenbait koloratzaile kapsulatu daitezke aldi berean. "Erantzun osagarria duten bi koloratzailerekin, argiaren polarizazioaren arabera kolorea aldatzen duten partikula fluoreszenteak lortu ditugu; emisio fluoreszente urdin bat izatetik berdea izatera igaro da _gehitu du Solak_. Prozesu itzulgarria eta
errepikagarria da, gainera". Emisio gorria duen hirugarren koloratzaile bat proportzio egokietan gehituta, argi zuria emititzen duen sistema bat ere sortu da, "hori ere interesgarria da argiztapen-
sistemetarako", esan du.
Halaber, argi zuriaren igorleak lortu dira, ioi metalikoz eta konposatu organiko batzuez osatutako MOF egiturei (Metal Organic Frameworks) molekula organiko txikiak gehituz. Hala, fosforeszentzia
lortu da giro-tenperaturan. "Normalean tenperatura oso baxuak eskatzen dituen igortze-prozesu bat da fosforeszentzia; tenperatura baxua behar du argi fosforeszentea desaktiba ez dadin", azaldu du
Solak.