Arriaga antzokia barrutik ezagutzeko bisita gidatuak martxoaren 4tik

Arriaga antzokia barrutik ezaguitzeko aukera izango da
Europa Press
Actualizado: miércoles, 22 febrero 2017 13:58

   BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Arriaga antzokiak bere barruko diseinu eta arkitektura berezia ezagutzeko aukera eskainiko die hiritarrei, datorren martxoaren 4tik aurrera asteburuetan eskainiko dituen bisita gidatuen bidez. Bisitak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango dira, eta antzokiaren txoko ederrak bisitatu ahal izango dira, besteak beste, ataria, foyerra, besaulki patioa eta orain arte jendearentzat ezezagunak izan diren Orient Express areto txikiaa edo areto Isabeldarra.

   Juan Mari Aburto Bilboko alkatea Arriagara egindako bisita instituzionalaren buru izan da asteazken honetan. Bisitan hiriko kultur alorreko pertsona askok hartu dute parte. Bertan, alkateak nabarmendu du Arriaga antzokia "bikaina" dela, "egunero nazioartera gero eta gehiago zabaltzen den jarduerarengatik eta barruko fisonomiarengatik".

   "Guztiona da. Horregatik, eredu izan gura dut eta hala gura duen edozein Arriaga ezagutzera hurbiltzera animatzen dut. Inolako zalantza barik, ezagutzean, geureago sentitzen dugu, eta are eta gehiago maite dugu", adierazi du.

   Bisita gidatuak martxan jartzeak, "toki eta nazioarte mailan proiektatzen den turismo gune gisa" kokatuko du antzokia. Helburu horrekin, ekimenari buruzko informazioa eskainiko da hainbat lekutan, hala nola Turismo Bulegoan, hoteletan eta ostalaritzako lokaletan.

   Horrez gain, udal antzoki gisa, Bilbao Turismo erakundearen bitartez, Bilboko Udalak parte hartzen duen sare turistikoen barruan sartuko da, eta horrela, aldizkari espezializatuetan, turismoko gidatan eta turistei zuzendutako informazio aldizkarietan agertuko da. Gainera, Bilbo sustatzeko azokatan eta ekitaldietan hartuko du parte, toki eta nazioarte mailan, Bilbao Turismori eta Arriaga antzokia kide den Bilbao Convention Bureau erakundeari esker.

BISITAK

   Bisita gidatuek 50 minutu inguruko iraupena izango dute. Antzokiaren atarian hasiko dira, eta Juan Crisostomo Arriaga eskaileratik jarraituko du foyerreraino. Ibilbidean, normalean jendea sartu ezin daitekeen zenbait areto ezagutuko dira, besteak beste, Orient Express areto txikia eta areto Isabeldarra.

   Jakina, bisitan ez dira faltako areto nagusia eta bertako besaulki patioa, eta Ohorezko Palkoa. Gidari gisa arituko den, datu historikoen berri emango duen eta anekdota ugari kontatuko dituen pertsona batek lagunduta egingo da ibilbide guztia.

   Bisita erakargarri egiten duen beste alderdietako bat, "jantzi erakusketa txiki baina ezin ederragoa" jasotzeko bereziki egokitu den txoko batean geratzeko aukera izango da, aurten antzokiari izena ematen dion maisuaren jaiotzaren 210. urteurrena dela eta. Arriaga Antzokiak ekoitzitako zenbait muntaietatik aukeratutako jantzi erakusketa izango da.

   Jende guztiak Arriaga antzokia barrutik ezagutzeko aukera izan dezan, bost euroko prezio merkea ezarri da bisita gidatuetarako, eta hiru eurokoa mugikortasun urria duten pertsonentzat. Horrez gain, 18 urtetik beherakoek eta ikasleek sarrera dohainik izango dute.