av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
BILBO, 11 (EUROPA PRESS)
Arratzuko (Bizkai) Kultur Etxeko erakusketa aretoak Arrolagune Arrolako oppidumaren interpretazio zentroa zabaldu du, eta zehaztasunez erakusten du "Bizkaiko historia ezagutzeko funtsezkoa" den aztarnategi hau, Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez.
Arrolako oppiduma Burdin Aroko defentsa gotorleku garrantzitsua izan zenaren arrastoa da, Burdinaren Bigarren Aroko arkeologia potentzial handia gordetzen duena. Hain zuzen, horregatik ari da aztertzen, zabaltzen eta haren balioa ezagutarazten Bizkaiko Foru Aldundia.
Arrolagune interpretazio zentroak zorroztasun zientifikoz deskribatzen du orain dela 23 mende (Kristo aurreko IV. mendetik Kristo ondorengo I. mendera) Arrola mendiko gailurra okupatu zuen gotorlekuaren testuinguru historikoa zein kulturala.
Erakusketak ibilbide bat egiten du Burdinaren Bigarren Aroko Europaren historian eta oppidumen zibilizazioan zehar; Arrolako oppidumaren kokalekua, kronologia eta ikerketa deskribatzen ditu; haren defentsa harresi ikaragarrien garrantzia azaltzen du; eta herriaren bizimoduen zein hileta azturen berri ematen du.
Horrez gainera, erakusketan, oppidumari lotutako azpiegiturak deskribatzen dira, hala nola Bastazar-Gastiburu monumentua, eta Bizkaiko Foru Aldundiak aztarnategiaren balioa erakusteko egindako arkeologia lana azaltzen da.
Arrolaguneko osagarri esanguratsuenetako bat esparru gotortuko etxola bat tamaina naturalean birsortzeko lana da. Hori egiteko kontuan hartu dira indusketa lanean aurkitutako aztarnak zein arrastoak eta garai hari buruzko jakintza. Erabateko errealismoz, etxebizitza horrek Arrolako biztanleak bizi ziren garaira eta egunez eguneko etxe girora daramatza bisitariak. Garaiko kopia zehatzek (zeramikak, erremintak, biltzen zituzten elikagaiak, ehungailu bat, eta abar) Burdinaren Bigarren Aroko bizimodua iradokitzen digute.
Halaber, harri naturalez egindako hileta tumulu baten birsorkuntza ere bildu dute interpretazio zentroan, eta horren bidez erakusten da nola lurperatzen zituzten hildakoak garai hartan.
2009. urtetik, Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) elkarlanean ari dira lehen mailako kultur ondare hau ikertu, berreraiki eta haren balioa ezagutarazteko. Arrolagune interpretazio zentroa, jakintzaren iturria izateaz gainera, Arrolako oppiduma ezagutzeko Bizkaiko Foru Aldundiak aurten antolatu dituen bisita gidatuen osagarria da. Interesdunek uztailean eta abuztuan eman dezakete izena, Santimamiñeko erreserba zentroaren bidez (santimamine@bizkaia.net) edo 944 65 16 57 telefonora deituz.