BILBO 26 Abr. (EUROPA PRESS) -
Berbatek proiektuko bost eragileek (Elhuyar Fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitateko IXA eta Aholab taldeak eta VicomTech eta Robotiker zentro teknologikoak), Eusko Jaurlaritzako Industria eta Kultura Sailen laguntzarekin, www.berbatek.com webgunea plazaratu berri dute, hizkuntza-teknologietan egiten ari diren azken ikerketen emaitzak gizarteratzeko asmoz.
Bere arduradunek adierazi dutenez, webgunea dinamikoa da, etengabe eguneratzen da (automatikoki), eta hizkuntza-teknologien inguruko berriak ematea du helburu. Besteak beste, teknologia horien inguruko ekitaldien agenda bat eskaintzen du, bai eta partzuergoko kideen albisteen gune bat eta hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologien behatoki bat ere, alor horretako berrikuntzei jarraitu ahal izateko. Gainera, BerbaTek proiektuan sortuko diren argitalpen, aurrerapen eta demoak ere ikusgai izango dira webgune horretan.
BerbaTek hiru urterako (2009-2011) ikerketa estrategikoko proiektua da. Hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologiak garatzea du helburu, eta itzulpena, irakaskuntza eta edukiak lantzen dituen sektore ekonomiko zabalaren euskarri teknologiko nagusia izan nahi du. Izan ere, industria horrek teknologia aurreratuak behar ditu lehiakor izango bada ingurune globalizatu, interkonektatu eta eleaniztun honetan.
Hizkuntzaren industria hiru alor nagusitan banatuta dago Berbatek proiektuan: Edukiak, Irakaskuntza eta Itzulpena. Hiru alor horietan lortu diren lehenengo emaitzak urte amaierarako aurkeztea espero du partzuergoak: Itzulpena alorrean, bikoizketa automatikoko lehen aplikazioak; Irakaskuntzakoan, ahoskatze-zuzentzaileak eta e-learningean oinarritutako tutoreak; eta Edukiak alorrean, Interneteko bilatzaile eleanitz eta multimedia bat, besteak beste.
Ez da partzuergo honetako kideek elkarlanean diharduten lehenengo aldia. BerbaTek baino lehen, ikerketa estrategikoko Hizking21 eta Anhitz izeneko hiru urteko proiektuetan ere elkarrekin aritu dira 2002. urtetik aurrera.