BILBO, 13 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Kultura Zientifikoaren Katedrak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Bizkaia Zientzia Plaza zientziaren dibulgaziorako jaialdia hasiko da Bilbon ostegunean, irailaren 14an, eta hilaren 24ra arte iraungo du. Zazpi ekitaldiz osatutako programa zabala eskainiko da, zientziaren hainbat arlori ekiteko, besteak beste, hitzaldiak, ikuskizunak eta tailerrak.
Juna Ignacio Perez Iglesiasek (EHUren Kultura Zientifikoarten Katedra) eta Maitane Leizaolak (Bizkaiko Aldundiko Behatokia) aurkeztu dute asteazken honetan Bizkaia Zientzia Plaza ekimena.
Dibulgazio jaialdian antolatu diren ekimenen artean, Naukas Bilbao ekitaldiaren zazpigarren edizioa nabarmentzen da, gaztelaniazko zientzia hedapeneko ekitaldirik handiena, alegia. Aurten programazioa areagotu eta Euskalduna Jauregiko auditorium nagusian izango da, Bilboko Udalaren laguntzarekin.
Bizkaia Zientzia Plaza jaialdiak ikertzaile gazteei zuzendutako Science+ biltzarra ere eskainiko du. Zientziaren arloan dauden aukera profesionalak landuko dira bertan. Halaber, "Jakinduriek mundue erreko dau! (Bertsozientzia)" ekimenak bertsolaritzaren eta zientziaren arteko fusioa eskainiko du, eta, Bilbon izateaz gain, Ondarroa, Igorre eta Getxora ere helduko da.
Gainera, Bizkaia Zientzia Plazak gune bat eskainiko die gaztetxoei, Naukas Kids ekimenaren bitartez. DBHko ikasleentzako bakarrizketa lehiaketaren finala izango da, Ciencia Show delakoa, eta zientziaren sormen ikuspegia aurkeztuko du Scenio komunitatearen eskutik, ohiko plataforma izan ordez zientzia jakintza bideojoko, podcast eta halakoen bitartez konektatzen saiatuz.
GONBIDATUAK
Bizkaia Zientzia Plazak guztira ehun hizlari eta gonbidatu baino gehiago izango ditu. Horrela, Naukas Bilbao programaren esparruan, bertara hurbiltzen direnek zientziaren munduko ospe handiko pertsonak zuzenean entzuteko aukera izango dute, besteak beste, Pedro Miguel Etxenike edo Atapuercako Mendilerroko aztarnategien indusketen zuzendarietako bat den Jose Maria Bermudez de Castro.
Lehenengo edizioan, Bizkaia Zientzia Plazak inguruko zientzia dibulgatzaile nagusiei entzuteko, ikerketa zentroetan egiten den lana ezagutzeko eta zientzia modu atseginean, lasaian eta guztiok ulertzek moduan aurkezteko aukera emango du.
Jaialdiaren jarduera guztiak adin guztietarako eta doakoak izango dira, baina aldez aurretik izena eman behar da haurren tailerretan (Naukas Kids) eta Science+ hitzaldietan. Ekitaldia EiTB webgunearen bitartez jarraitu ahal izango da zuzenean.