GASTEIZ 26 Sep. (EUROPA PRESS) -
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako eta Batxilergoko lehenengo mailako 20 ikaslek hartu dute pate ostegn honetan Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan (Gasteizen) egin den Elos World Cafe ekimenean. Ordubetez, eta bosna laguneko lau mahaitan banatuta, Europa izan da gazteek ingelesez izan dituzten solasaldietako ardatz nagusia, Hizkuntzen Europako Egunean.
Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak eta Begoña Garamendi Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak egin diete ongietorria ikasleei, solasaldiei ekin aurretik. Aurrekoetxeak azpimarratu du Europaz edo europar gaietaz aritzeko orduan hizkuntzak ezin direla albora utzi.
"Europan edo mundu zabalean ikasketak burutzeko edo lan egiteko aukera izango duzue etorkizunean nahi baduzue, eta irekitzen ari den testuinguru berri honetan, hizkuntzak ezinbesteko izango dituzue", nabarmendu die sailburuordeak gazteei.
Halaber, Garamendik "etengabeko ikasketa eta berrikuntza prozesuan lan eta lan" ari izana eskertu die ikasle eta irakasleei, eta ahalegin horretan beti izango dutela Eusko Jaurlaritzaren laguntza gaineratu du.
Mahai bakoitzean ordu laurdeneko denbora eta Europako Batasunarekin zerikusi zuzena duen galdera sorta izan dituzte gazteek solaserako, hurrengo mahaira pasatu aurretik. Horrela izan ohi da world cafe ekkimenaren funtzionamendua. Lehen mahaian, Europako Batasuneko erakundeak izan dituzte mintzagai; bigarren mahaira pasatutakoan, berriz, Europako hizkuntzen eta ohituren ingurukoak izan dira galderak.
Hirugarren mahaira aldaketa egin dutenean, beren ikastetxeetan Europarekin lotura duten zein jarduera antolatzen den azaldu diete elkarri ikasleek, eta laugarren mahaian, azkenik, euren etorkizunaz hitz egin dute. Ordubetez, eta ingelesez, gai horien guztien inguruan duten ikuspegia partekatzeko aukera izan dute parte hartzaileek.
BOST INSTITUTU
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bost institututako gazteek hartu dute parte world cafe solasaldian, guztiak ere Elos sareko kide: Aguraingo Aniturri, Donostiako Antigua-Luberri, Bilboko Botikazar, Gasteizko Ekialdea eta Azpeitia-Azkoitiako Urola Ikastolako neska-mutilak elkartu dira.
Urtero, irailaren 26an Europako Kontseiluaren ekimenez ospatzen den Hizkuntzen Europako Egunaren baitan antolatu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak kafe-solasaldi hau, egunaren beraren helburuekin bat eginez, eleaniztasuna eta kultura arteko ezagutzaren garrantzia azpimarratu nahian.
Elos helburuetan bat egiten duten Europako ikastetxeen sarea da. Sare honetako kide diren ikastetxeek, Europako beste ikastetxe batzuekin nazioarteko topaketetan parte hartzen dute, esperientzia trukeak gauzatzeko. Dimentsio europarrari lotutako kontzeptuak garatzen dituzte ikastetxe hauek ikasleekin, hau da, ikasleek etorkizunean herritar europar izateko behar dituzten edukiak, gaitasunak eta jarrerak lantzen dituzte.
Gainera, sareko ikastetxe guztiek Europa mailan garatu eta aplikatutako ebaluazio eta ziurtatze tresnak erabiltzen dituzte. Helburua, beraz, Europa eta nazioarteko dimentsioak gero eta protagonismo handiagoa izango duen etorkizunari era sortzaile eta eraginkorrean aurre egiteko ikasleak prestatzea da.