DIPCeko bi ikertzailek grafenozko mintz batez osatutako erabilera anitzeko material berri bat sortzen lagundu dute

Actualizado: jueves, 12 abril 2018 17:37

DONOSTIA 12 Abr. (EUROPA PRESS) -

Aran Garcia-Lekue (Ikerbasque) eta Bernhard Kretz Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko ikertzaileak grafenozko mintz batez osatutako erabilera anitzeko material berri bat sortu duen taldeko kideak izan dira. Aurrerapen zientifikoa "Science" aldizkariak argitaratu du, munduko zientzia aldizkari garrantzitsuenetakoak.

Institut Català de Nanociència i Nanotecnologia (ICN2) eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko Centro Singular de Investigación en Química Biolóxica e Materials Moleculares (CiQUS) zentroetako zientzialariekin batera argitaratu dute artikulua DIPCeko bi ikerlariek.

Zientzialari taldeak material berri bat sortzea lortu du. Material berriak bere poroen tamaina, forma eta dentsitatea aldatzeko aukera ematen du eta, honi esker, erabilera asko lortu daitezke. Besteak beste, berotegi efektua sortzen duten gasak edota ADN biomolekulak bezalako tamaina arras txikiko substantzietarako filtroak egin daitezke. ICN2ko Aitor Mugarzak eta CiQUS-eko Diego Peñak gidatuta, lan honek aukera ematen du material honekin elektronikan, filtroetan eta sentsoreetan aplikazioak egiteko.

Grafenoaren poroek grafenoaren oinarrizko ezaugarriak alda ditzakete, iragazkorra eta galbahe bezala erabilgarria eginez. Ezaugarri honek hautagai bikaina bihurtzen du grafenoa iragazki iraunkor, selektibo eta energetikoki eraginkor izateko eta, ondorioz, berotegi efektua sortzen
duten gasak edo ADN biomolekulak bezalako tamaina arras txikiko substantziak neurtzeko.

Hala ere, hori ez da bere erabilera praktiko bakarra. Poroen arteko tartea atomo gutxi batzuetara txikitzen denean, grafenoa metala izatetik erdieroalea izatera pasatzen da. Horrek atea irekitzen du gailu elektronikoetan grafenoa erabiltzeko eta, ondorioz, silizioan oinarritutako osagaiak ordezkatu ahalko lituzke.

Aran Garcia-Lekue DIPCen lan egiten duen Ikerbasque ikerlaria da. Bere ikerketa taldea oso garrantzitsua izan da aurkikuntza berrian. Bernhard Kretz-ek ere talde horretan egiten du lan. Euskal ikertzaileak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) egin zuen doktoregoa eta hainbat urte eman ditu atzerrian, Liverpool eta Berkeley-n. Horren ostean Euskal Herrira itzuli zen.