EHUko talde batek material berritzaile baten sorreran parte hartu du eskala nanometrikoan 'patchwork' eginez

NanoBio Espectroscopia taldea
EHU
Actualizado: martes, 13 julio 2010 14:05

BILBO 13 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) NanoBio Espectroscopia taldeak material berritzaile baten sorreran parte hartu du eskala nanometrikoan 'patchwork' eginez. Gainera, American Physical Society elkarteak taldearen beste bi ikerketa nabarmendu ditu ikertzaileentzat interesgarri gisa, EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

EHUko Materialen Fisikako katedraduna eta NanoBio Espectroscopia taldearen zuzendaria den Angel Rubiok adierazi duenez, "patchwork egitea bezala da, baina eskala nanometrikoan". 'Patchwork' deiturikoan, lehenik eta behin, material ezberdinekin bi dimentsioko piezak sortzen dira, eta gero, puzzle baten moduan egokitzen dira. Lortzen den sistemak erabat berritzaileak diren ezaugarri elektronikoak ditu, jatorrizko materialek dituztenen arteko nahasketa.

EHUko taldearen ikerketa 'Nature Materials' aldizkari ospetsuaren azalean agertu da (Hybridized graphene: Nanoscale patchworks, Nature Materials 9, 379 - 380 (2010)).

Zehazki, eskala nanometrikoan egindako bi dimentsioko pieza horiek sortzeko ("nanodomeinu" deiturikoak), bi material erabili dira: boro nitruroa, material isolatzailea dena, eta grafenoa, hau da, egitura hexagonalean antolatutako karbono atomoekin eratutako bi dimentsioko xafla, erdi metalikoa eta eroankortasun handikoa. Egitura horiek sintetizatu eta modu kontrolatuan mihiztatzeaz Riceko Unibertsitateko (Houston) Pulickel M. Ajayan irakaslearen taldea arduratu da.

Material baten eta bestearen piezak txertatzean, erabateko aldaketa gertatzen da ondoriozko sistemaren ezaugarrietan; adibidez, sistema metal izatetik isolatzaile izatera igarotzen da, tenperaturaren eta boro nitrurozko domeinuek dituzten dentsitate eta tamainaren arabera.

Bestalde, grafenoa ez bezala (opakua da), boro nitruroak argia xurgatu eta igortzen du urruneko ultramorean, ikusi ezin den argia, eguzkiaren izpi ultramoreen modukoa, baina maiz zertxobait handiagoa, eta portaera hori bi dimentsioko partchwork egitura osora zabaltzen da. EHUko taldea ezaugarri horiek guztiak sakon aztertzen ari da.

Egitura horiek bi dimentsiotan garatzeak sistema optoelektronikoak, hau da, optika eta elektronika elkartzen dituzten sistemak (esaterako, kristal likidozko pantailak), edo zuntz optiko bidezko komunikazio sistemak (lauak) diseinatzeko aukera ematen du, baita nanoelektronika molekularrerako gailu elektronikoak, material termoelektrikoak, telekomunikazioak edo laserrak ere.

Horiek bezain garrantzitsuak dira aipatu materialek oinarrizko fisikako fenomenoak (besteak beste, metaletik isolatzaile faserako trantsizioak) bi dimentsiotan aztertzeko ematen dituzten aukera berriak.

BESTE LAN BATZUK

Gainera, ekainean, Angel Rubioren taldeak beste bi ikerketa argitaratu ditu 'Physical Review Letters' aldizkarian, fisikaren arloan eragin handiena dutenetakoan, eta horiek aipamen berezia jaso dute munduko fisikari elkarte garrantzitsuena eta fisikako aldizkari zientifiko horren eta beste batzuen argitaratzailea den American Physical Society (APS) elkartearen eskutik.

Hilero, APSk bere web orrian (http://physics.aps.org/) zortzi iritzi artikulu (viewpoints) eta 16 laburpen argitaratzen ditu beste hainbeste ikerketari buruz, aldizkarietan agertutako 1.600 bat lanen artean aukeratu ondoren.

Rubioren taldeak egindako lanak, laburpen batean bildu denak, goi presioak aplikatzean sodioak duen erantzun optikoa aztertzen du. Ikerketan egileek ustekabean ikusi zuten, metal-isolatzaile trantsizioarena baino goragoko presioetan, sodioa, metalikoa izateari uzteaz gain, gardena edo islatzailea ere izan daitekeela argiaren norabidearen arabera.

Beste ikerketa bat, Europako lau herrialdetako zientzialarien partaidetza duena (horien artean, EHUko Stefan Kurthena), 'viewpoint' baten aztergai izan da ('viewpoint' artikulu luze bat da eta, bertan, beste aditu batek lana deskribatzen du). Ikerketa horrek nanogailuetan elektroien zirkulazioaren portaera doitasunez ulertzeko tresna teoriko eta konputazionalak eskaintzen ditu. Ikerketa honen aplikazio praktiko potentzialek sistema sorta zabala barneratzen dute, horien artean, elektroi bakarreko transistoreak eta eskala molekularreko beste memoria gailu batzuk.

Rubioren hitzetan, "APS elkarteak artikulu horiek nabarmendu izateak garbi erakusten du EHUn nazioarteko ikertzaileentzat egiten ari garen ikerketen garrantzia".