BILBO, 21 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Parkea inauguratu dute ostegun honetan Leioako campusean. "Erreferentziako azpiegitura" izateko sortu da, eta haren bidez berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia euskal produkzio ehunera hurbiltzeko erraztasunak eman nahi dira. EHUren eta Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren (Bizkaia Parkea) arteko lankidetzaz sortu da, eta unibertsitate, zientzia eta enpresen topagunea izango da, horrelako ezaugarri bereziak dituen lehen parkea izanik EAEn.
Inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Carmen Vela Espainiako Gobernuko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako jarduneko estatu idazkari, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,Jose Miguel Corres Euskadiko Parke Teknologikoen presidente eta Emilio Lora-Tamayo D'Ocón Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroko (CSIC) presidentea.
EHUko Bizkaiko campusaren inguruan kokatua, Leioan, Zientzia Parkeak lau eraikin ditu gaur egun, EHUren lurretan. Egoitza Bizkaia Parkearena da, eta gainerako hirurak, berriz, EHUrenak. Kudeaketa lanak Bizkaia Parkeak egingo ditu. Eraikitako azalera osoa ia 43.810 metro koadrokoa da, eta eraikinak egiteko 35.274.507,34 euroko (BEZik gabe) inbertsioa egin da.
Proiektua martxan jartzeko, BI-2731 (Leioa-Unbegana) errepidearen trazaketa ere egokitu behar izan da. Jarduera horretan, EHUk bost milioi euroko inbertsioa egin zuen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste lau milioi jarri zituen.
Zientzia Parkearen garapenak berrikuntza ekosistema baten sorrera ahalbidetuko du, ekintzailetza zientifikoa eta teknologikoa, eta transferentzia bultzatzeko xedea izango duena. Horrela, EHUko Zientzia Parkea "kalitate handiko espazio bat" da, ikerketan, garapenean eta berrikuntzan (I+G+B) diharduena, eta haren helburu nagusiak honako hauek izango dira: unibertsitate enpresen arteko harremanak bultzatzea, oinarri teknologikoko spin-off enpresa berriak eta kualifikazio handiko enplegua sortzea, eta ikertzaileak enpresetan sartzeko erraztasunak bultzatzea.
Ezaugarri hori dela eta (unibertsitatearekiko lotura zuzena), parke hori "bakarra da Euskadin"; izan ere, berrikuntza, transferentzia eta ekintzailetza sustatu, eta harreman estuak ahalbidetuko ditu unibertsitateko ikerketaren eta egitura sozioekonomikoaren artean.
Hala, EHUko Zientzia Parkea irekita egongo da berritzeko gaitasuna, teknologia maila altua eta gizarte eta ingurumen erantzukizuna duten proiektu eta enpresentzat. Parkearen plataformetan, ikerketako zerbitzu nagusiak, unibertsitateko ikertaldeak, unibertsitatean sortutako oinarri teknologikoko enpresak eta I+G+B erakundeak eta enpresak kokatuko dira.
INSTALAZIOAK
Esan bezala, Zientzia Parkeak lau eraikin izango ditu: Egoitza (Zientzia Parkeak eta Bizkaiko Parte Teknologikoak sustatua), Biofisika Institutua, Maria Goyri Zentroa eta Martina Casiano Plataforma (azken hiruak EHUri atxikiak).
Egoitzaren eginkizuna izango da lanerako toki bat eskaintzea unibertsitatearekin lotura duten enpresa, erakunde eta ikergune publiko edo pribatuei. Dagoeneko kokatu da eraikin horretan BC3 Basque Centre for Climate Change zentroa. Ikergune hori Eusko Jaurlaritzaren BERC programaren barnean kokatzen da (Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerkuntzarako Zentroak), eta klima aldaketaren kausa eta ondorioen epe luzerako ikerketan diharduen Europako zentro bakanetako bat da. 50 pertsona inguru ari dira lanean zentro horretako taldeetan.
Halaber, laster eraikin berean kokatuko da Achucarro Basque Centre for Neuroscience zentroa, bikaintasun ikergune bat (BERC), Ikerbasquek eta EHUk sustatua, biologia neuroglialean oinarrizko eta translazio ikerketan diharduena, garuneko gaixotasunentzako terapia berriak aurkitzen. 120 ikerlari inguruk dihardute lanean. BERC Achucarro zentroak nazioarteko lehen mailako ikergune izan nahi du, oinarrizko ikerkuntzan arituko dena, graduondoko prestakuntzan eta neurozientzietako ezagutzaren transferentzian.
Bestalde, Biofisika Institutuan (EHUren eta CSIC Ikerkuntza Zientifikoen Goi Kontseiluaren zentro mistoa), 150 laguneko talde bat ari da lanean, mintz biologikoen, haien osagaien eta haien arteko erlazioen ikerkuntzan, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, teknika biofisiko aurreratuen bidez. Biofisika arloko zentro honen helburu nagusiak dira ezagutza sortzea, ezagutzaren ekonomian aurrera egitea, merkatura bideratutako plataforma teknologikoak sortzea, eta lankidetza publikoa eta pribatua maximizatzea, teknologia transferentzia bideratzeko.
Maria Goyri zentroak, aldiz, Biomedikuntza, Elikagaien Zientzia eta Ekosistema Jasangarrien arloan arituko diren ikerketa taldeak hartuko ditu. Gainera, Biomedikuntza arloko Mikroskopia Analitikoko eta Bereizmen Handiko Unitateak ere kokatuko dira bertan, bai eta Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIker) Proteomika Unitatea ere.
Azkenik, Martina Casiano zentroa Plataforma Materialen Zientzia eta Teknologiaren arloan arituko da, alor horietan diharduten ikerketa taldeen bidez, eta Neurri Magnetikoen eta Analisi Zerbitzu Nagusiaren Unitateak ere kokatuko dira bertan. Aurreikusita dago ere BERC BCMaterials materialen, aplikazioen eta nanoegituren euskal zentroa plataforma horretan kokatzea. Maria Goyri eta Martina Casiano eraikinak urte honen amaieran irekiko dira.