BILBO 17 Jun. (EUROPA PRESS) -
Lehenengo datuen arabera, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) unibertsitatera sartzeko probak egiteko matrikula egina zuten 8.051 ikasleetatik 7.860k gainditu dute fase orokorra. Hortaz, ikasleen %97,63k aprobatu du selektibitatea, EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez.
Unibertsitatera sartzeko proba berriak aurten jarri dira abian. Bi fase dituzte, fase orokorra, unibertsitateko gradu ofizialak ikasi ahal izateko gainditu behar dena, eta fase espezifikoa, borondatezkoa, fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko balio duena.
Campuska, Araban matrikulatutako 1.051 ikasleetatik 1.029k gainditu dute fase orokorra, hau da, %97,91k; Bizkaian matrikulatutako 4.031 ikasletatik 3.906k aprobatu dute, hau da, %96,90ek; azkenik, Gipuzkoan 2.969 matrikulatu eta 2.925ek gainditu dute, hots, %98,52k.
Behin-behineko notak ikasleak matrikulatu direneko ikastetxeetako ordezkariei eman zaizkie gaur, eta EHUren webgunearen bidez (http://www.sarrera.ehu.es) ere ikusi ahal dira. Behin betiko notak uztailaren 5ean argitaratuko dira, ekainaren 18tik 22ra arteko erreklamazio-epea bukatu ondoren. Bestalde, hautaproben ezohiko deialdia uztailaren 7, 8 eta 9an izango da.