EHUorkestra Sinfonikoak bere lehen kontzertua emango du ostegunean, Bilbon

EHUorkestra Sinfonikoa entseatzen
EHU
Actualizado: lunes, 30 abril 2018 10:47

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

EHUorkestra Sinfonikoa bere jendaurreko lehen kontzertua eskainiko du ostegunean, maiatzaren 3an, Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan, Bilbon. Emanaldia arratsaldeko 19.30ean hasiko da, EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Ia bi urte pasatu dira Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) orkestra propioa sortzeko planteatu zuenetik, eta urte eta erdia pasatu da 2016ko azaroan orkestrak bere ibilbidea hasi zuenetik, hots, lehenengo entsegua egin zuen egunetik. Harrez gero, Leioa-Erandio eremua Areto Nagusian biltzen da ostegunero, 17.00etatik 20.00etara, taldearen armonia lortu eta haren errepertorioa lantze aldera.

Gaur egun, EHUorkestra Sinfonikoko kideak 41 instrumentista dira, eta Doru Artenie zuzendaria da. Errumaniar biola jotzaile bertutetsua, Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioko irakaslea eta Bilbao Orkestra Sinfonikoko (BOS) kide ohia da Artenie.

Tresna hauek dira EHUko lehen orkestra proiektuan parte hartzen dutenak: hamabi biolin, zazpi biola, bi biolontxelo, bi kontrabaxu, lau txirula, bi oboe, hiru klarinete, bi fagot, bi tronpa, bi tronpeta, tronboi bat eta bi perkusio jotzaile. Unibertsitateko hiru campusetako egungo ikasle, ikasle ohi, administrazio eta zerbitzuetako langile eta irakasleek osatzen dute orkestra.

EHUorkestra Sinfonikoa Euskadin osatu den lehenengo unibertsitate orkestra sinfonikoa da. Taldea eratzeko bi hautaketa prozesu izan ziren, entzunaldi txiki batzuk antolaturik. Arteniek adierazi duenez, "lehen aski maila desberdinak zeuden, baina orain, taldean eta bakarka lan handia egin ondoren, uste dut nahikoa talde homogeneoa osatu dugula. Orkestra honetako musikariek buru-belarri dihardute lanean, haietako batzuk sekulako ahaleginak eta bi egiten ari dira".

Unibertsitatean sortutako orkestra amateurra denez, hainbat berezitasunetara moldatu beharra dago, zuzendariak adierazi bezala. "Oso talde aldakorrarekin egin behar dugu lan. Batzuk denboraldi laburrerako daude, master, doktorego tesi edo ikerketa bat bukatzeko; beste batzuek, berriz, orduei dagokienez, seihileko batetik bestera ez dute lehen adinako astirik irakasgaien aldaketa dela eta. Horrenbestez, malgua izan behar da lan egin, errepertorioa aukeratu eta datak ezartzerakoan", azaldu du.

ERREPERTORIOA

Arteniek adierazi du saiatu dela errepertorioa moldatzen orkestraren mailara eta konposiziora, betiere unean uneko tresna taldeak kontuan hartuta eta musika kalitateari eutsita. Musikaren historiako ia hiru mendetako estilo eta korrente bakoitzeko obra esanguratsuak aukeratu ditu.

G.F. Haendel-en "Sarabande", L. Van Beethoven-en "Obertura Coriolano", Op. 62; J. Haydn-en "Sinfonía Sorpresa"; F. Shubert-en "Sinfonía Inconclusa", P. Mascagni-ren "Intermezzo de la Cavalleria Rusticana", M. Ravel-en "Pavana para una Infanta Difunta" eta B. Bartok-en "Danzas Rumanas" obrek osatuko dute errepertorioa. Obrak ez daude errepertorioan halabeharrez, irizpide zorrotz batzuei jarraituta aukeratutakoak baitira.

Arteniek azaldu duenez, "Handel interpretatzen dugu, Bach-ekin batera, Barrokoaren gailurretako bat delako. Haydn interpretatzen dugu, sinfoniaren aita delako eta Beethoven aurretiko musika ongien sintetizatu duena delako eta egun arte iristen den musikaren bideak zabaldu dituelako, hots, Vienako Klasizismoaren bi ordezkari handi direlako. Gero Erromantizismoan sartzen gara Shubert-ekin eta Mascagni-rekin. Ondoren, Inpresionismoan Ravel-ekin eta XX. mendeko Musika Garaikidean Bartok-ekin".

EHUorkestra Sinfonikoa elkartea irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu gisa eratu da eta musika sinfonikoaren bidez unibertsitatearen eta euskal gizartearen artean kultura komunikatzeko bitartekoa izatea du xede, baita elkarteko kideen artean musika prestakuntza eta ikerketa sustatzea. EHUorkestra Sinfonikoa elkarte irekia da eta bertan parte har dezakete bai unibertsitateko kideek bai proiektuan lagundu nahi duten unibertsitatetik kanpokoek. Egun, European Network of University Orchestras eta Sinergia. Red de Orquestas Universitarias Españolas elkarteetako kidea da.