Elhuyarrek Xuxen zuzentzaile berritua kaleratu du

Xuxen 5.1 kalean
ELHUYAR
Actualizado: martes, 22 mayo 2018 14:23

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Elhuyarrek Xuxen 5.1 euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala kaleratu du, Word 2016rekin bateragarria eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken aldaketekin eguneratua. Xuxen 5.1 doakoa da, eta xuxen.eus webgunetik eskura daiteke. Hizkuntza irizpiderik berrienak txertatuta eta Word-en bertsio berrienetarako prest dago Xuxen 5.1.

Elhuyarren eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ixa ikerketa taldearen urteetako elkarlanaren emaitza da Xuxen 5.1. Duela bi hamarkada baino gehiago hasi ziren elkarlanean Elhuyar eta Ixa, eta horretan jarraitzen dute euskarak mundu digitalean aurrera egin dezan eta euskal gizarteak baliabide erabilgarriak eskura izan ditzan. Elkarlan horren emaitza da, Xuxenez gain, Matxin itzultzaile automatikoa besteak beste (http://matxin.elhuyar.eus/).

Elhuyarrek jakinarazi duenez, Xuxen 5 euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala erabilgarri jarri zuenetik, Microsoft Office pakete berriak merkaturatu ditu Microsoft konpainiak, eta berrikuntzak izan dituzte Euskaltzaindiaren Hiztegiak eta Elhuyarren hiztegiek. Bada, horiek denak kontuan hartuta kaleratu du orain Xuxen 5.1.

Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyarren hiztegietako azken aldaketak kontuan hartzen ditu zuzentzaile berriak zuzenketak eta proposamenak egiteko, eta ordenagailuko programarik berrienekin ere erabil daiteke.

Word 2016rako prestatu den bertsioak, aurrekoak bezala, gorriz azpimarratzen ditu akats ortografikoak, eta berdez/urdinez akats gramatikalak eta Euskaltzaindiaren hobespenekin bat ez datozen hitzak.

Word-ekoa da Xuxenen bertsiorik ezagunena, baina beste hainbat programarekin erabil daiteke Xuxen berritua, bertsio guztiak eguneratu baititu Elhuyarrtek, eta doan deskargatzeko prest jarri (xuxen.eus/deskargatu): Microsoft Office: Word, Excel, PowerPoint eta Outlook; LibreOffice, OpenOffice; Firefox, Chrome eta Internet Explorer web-nabigatzaileak; Adobe InDesign; Hunspell.

Mezu elektronikoetan, Interneteko foroetan eta blogetan idaztean ere erabili ahal izango da Xuxen, Word-en bezala. Horretarako, erabiltzen den web nabigatzailerako bertsioa deskargatu besterik ez da egin behar (Firefox, Chrome edo Internet Explorer).

Gainera, Xuxenek bertsio libre bat ere badu, Hunspell-en oinarritutakoa, eta erabiltzaileen esku dago, beste aplikazio batzuetan txertatzeko. Ordenagailuan instalatuta nahiz on line erabili daiteke Xuxen 5.1