Eskola jazarpenari aurre egiteko KiVa programa ezarriko dute 52 ikastolak

Telllitu eta Kaskinen hitzarmena sinatzen
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: viernes, 29 abril 2016 14:37

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

   Ikastolen Elkarteak eta Finlandiako Unibertsitateak hitzarmena izenpetu dute ostiral honetan Donostian, Ikastolen Etxean, datorren ikasturtetik aurrera eskola jazarpenari aurre egiteko KiVa programa ikastoletan inplementatzeko. Hain zuzen ere, 52 ikastolak hartu dute programa martxan jartzeko erabakia.

   Ikastolen Elkartetik Koldo Tellitu lehendakarik izenpetu du akordioa, eta Finlandiako Unibertsitatetik, berriz, Pasi Kaskinen lehendakariordeak. Finlandiako Unibertsitatearen Turkuko campusa da KiVa programa garatu duena, eta Finlandian nahiz hura inplementatu den Europako beste herrialde batzuetako eskoletan oso eraginkortasun handia erakutsi du eskola jazarpena murrizteko orduan.

   Izenpetutako akordioaren bitartez, eskola jazarpenari aurre egin nahi diote ikastolek, horretan eragingarri dela erakutsi duen programa baten bitartez. "Bullyingaz ari garela, ezin gara kopuruez mintzatu. Kasu bakar bat ematea ere oso larria da; ondorio larriak ditu eta ezin dugu onartu", esan du Koldo Tellituk.

   "Gizarte bezala aurre egin behar bazaio, are gehiago eskola komunitate bezala. Ikastolok argi dugu hori, eta horretan sakondu nahi dugu KiVaren bitartez, bereziki indarra jarriz prebentzioan", gaineratu du.

   Kaskinenek ere prebentzioan jarri du arreta, akordioa izenpetu ondoren egindako adierazpenetan. Bere iritziz, prebentzioa da gakoa, ikasleek bullynga zer den eta zer ez den jakitea, hurrena bullyng kasu baten aurrean daudenean hura detektatu ahal izateko, eta hori Lehen Hezkuntzako hastapenetik hasi behar dela azpimarratu du. Era berean, KiVa programa ezartzeko ikastolek erakutsitako seriotasuna, irmotasuna, determinazioa eta gogoa nabarmendu ditu Finlandiako Unibertsitateko lehendakariak.

   Hitzarmenaren bitartez, datorren ikasturtean 52 ikastolatan inplementatuko dute KiVa programa. Dena den, atea irekia dute une honetan sartu ez diren ikastola guztiek. Hain zuzen ere, 2017ko urtarriletik aurrera hasiko dira lantzen ikasgeletan Finlandiako Unibertsitateak garatutako programa.

   Horretarako, baina, prestakuntza lan handi bat egin beharra daukate ikastolek. Iragan urtarrilaren 29an KiVari buruzko lan saio bat egin zuten Gasteizen, Europa Jauregian egin zen jardunaldian. Ostiral honetan bertan, Ikastolen Etxean bildu dira KiVa martxan jarriko duten 52 ikastola horietako ordezkariak bigarren lan saioan. Finlandiatik etorritako bi prestatzailerekin aritu dira KiVa programan sakontzen.

   Hurrengo asteetan, berriz, hezitzaile talde bat Finlandiako Unibertsitatera joango da prestakuntza bertan jasotzera. Haiek izango dira, gero, Euskal Herrian beste irakasleak prestatuko dituztenak. Programa Lehen Hezkuntzari begira dago garatua, eta une honetan Finlandian bigarren hezkuntzarako ari dira garatzen KiVaren hurrengo fasea.

   Prestakuntzarekin batera, ikasgeletan erabiltzeko materiala, paperezko euskarrikoa zein digitala, euskaratu beharra dago. Horretan jarriko dira ikastolak astelehenetik aurrera. "Itxaropen handia dugu programa honek hemen ere hura inplementatu duen leku guztietan izan duen eraginkortasuna izateko", esan du Tellituk.

FENOMENO GLOBALA

   Datuek erakusten dute eskola jazarpena fenomeno globala dela. Hala, mundu osoan, ikasleen (haur eta nerabe) %10ek jasan dute edo jasango dute bullying. Halaber, ikasleen %8 inguru izan dira edo izango dira eskola jazarpenaren egile, eta %7 haien laguntzaile. Ikusle edo lekukoei dagokienez, horiek ere ikasleak, gehiago dira erasotzailearen alde agertzen direnak (%20), biktimaren alde agertzen direnak baino (%17). Besteak (%34) ez dira ohartuko eskola jazarpenaz.

   Eskola jazarpen kasu bakoitzean erasotzaile bat eta biktima bat daude, baina, datuek erakutsi moduan, baita ikusle eta lekuko ugari ere. Izan ere, eskola jazarpenaren helburua, jazarriarekiko nagusitasuna adierazteaz gain, taldeko nagusitasuna lortzea ere da, taldeko aitortza soziala lortzea, alegia. Hori erakusten dute datuek: gehiago dira erasotzailearen alde jartzen direnak (%27, laguntzaileak ere batuta) biktimaren alde jartzen direnak baino (%17).

   Fenomeno globala izateaz gain, beraz, fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa ere bada eskola jazarpena, eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. Bullyinga erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin beharko da, taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira taldean, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du. Horregatik indarra jartzen du KiVa egitasmoak prebentzioko proposamenetan.

   Era berean, ordea, biktimari jakinarazi behar zaio, beharra duelako hori jakiteko, helduen babesa eta laguntza dituela, eta entzun egingo diotela. Erasotzaileari ere aurrez aurre jarri behar zaio bere jokabide onartezina, alegia, prebentzioarekin batera, esku hartzea egon behar du. Mahai baten hirugarren hanka gisa, berriz, ekinbide horiei guztiei jarraipena egin behar zaie. Hori planteatzen du KiVak.

IKASMATERIALA

   Prebentzioa lantzeko ikasmaterial jakin batzuk ekoitzi ditu (testu liburuak, baliabide digitalak eta webgune bat, besteak beste) programa garatu duen Turkuko Unibertsitateak. Material horren bitartez, gelan lantzen dira hainbat balio, eta balio horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat, hura salatzea eta biktimaren alde jartzea bultzatzen da.

   Eskola jazarpena detektatzeko baliabideak ere jartzen ditu KiVak irakasleen esku, ikasleek bullying kasuak modu anonimoan salatzeko aukera barne, eta eskola jazarpen kasuetan esku hartzeko "KiVa taldea" deritzona osatzea proposatzen du. Gutxienez, hiru irakaslez osatutako taldea litzateke KiVa taldea; eta talde horretan zuzendaria edota arduradun pedagogikoa inplikatzea oso garrantzitsutzat jotzen du.

   Talde berezi horiez gain, irakasle eta langile guztiak programan engaiatzea bilatzen du KiVak, gurasoak ere bai, haientzako egindako eskuliburuen bitartez. Horrela, KiVak eskola komunitate osoa inplikatzen du eskola jazarpenaren aurkako programan. Eskola komunitate osoa inplikatuz, eskola jazarpenarekiko sentikorrago egiten dira denak, bai ikasle, bai irakasle eta langile eta baita gurasoak ere. Horrek eskola jazarpen kasu asko eragozteaz gainera, prebentzioa asko lantzen baita, gertatuz gero, haiek azkarrago detektatzea errazten du, baita kasu bakoitza konpontzeko hartu beharreko bidea eta egin beharreko urratsak erabakitzea ere.