DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)
Europako Fisika Elkarteak (EPS) Donostia International Physics Center (DIPC) sarituko du Passion for Knowledge 2016 jaialdiaren baitan, Materia Kondentsatuaren Fisikan eta Materialen Zientzian egindako ekarpen "nabarmenagagatik" eta antolatutako askotariko dibulgazio jarduera "arrakastatsuengatik".
DIPC 2000. urtean sortu zen. Materialen fisikako oinarrizko ikerketan jarduten duen erakundea da, eta euskal zientziaren erreferente bihurtu da, urte gutxian. Ikerketan bikaintasuna bilatzeaz gain, ezagutza zientifikoa gizarteratzeko erantzukizuna hartzen du bere gain.
Hain zuzen ere, DIPCk hirugarrenez antolatzen duen zientzia dibulgazioko Passion for Knowledge jaialdiaren amaiera ekitaldian aitortuko dio bere lana DIPCri Christophe Rosselk EPSko presidenteak, plaka ofizial bat emanez, euskal zentroko arduradunek jakinarazi dutenez.
EPS 1968. urtean sortu zen, eta Europako zientzia elkarte garrantzitsuenetako bat da. Elkarteko kide dira, besteak beste, Europako 42 fisika elkarte nazional, fisikaren arlo guztietako kideak eta Europako ikerketa erakundeak. Guztira, 130.000 lagunek osatzen dute elkartea.
Zientzia elkarte gisa, EPSk fisikaren aurrerapena bultzatzen, Europako fisika komunitatearen interesak defendatzen eta nazioarteko lankidetza sustatzen ditu. Arduradun politikoen eta herritarren aurrean fisikako ikerketak egiten duen ekarpen esanguratsuaren alde egiten du, elementu garrantzitsua baita Europaren aurrerabide ekonomiko, teknologiko, sozial eta kulturalerako. EPSk Europako erakundeen zientzia politikari buruzko eztabaida eta erabaki foroetan parte hartzen du.
"OHORE HANDIA"
Pedro Miguel Echenique DIPCko presidenteak adierazi duenez, "ohore handia da guretzat EPSren eskutik halako aintzatespena jasotzea, izen handiko erakundea baita EPS, eta lanean aurrera egiteko adore handia ematen digu, DIPC ikerketan eta zientziaren komunikazioan mundu mailako erreferente bilakatzeko".
Halaber, adierazi du saria garrantzitsua izateaz gain, oso garrantzitsua dela Passion for Knowledge 2016 jaialdiaren testuinguruan EPSk bere Batzorde Exekutiboaren urteko bilera DIPCren Donostiako egoitzan egitea irailaren 30ean eta urriaren 1ean.
Horrela, EPSko presidenteak nabarmendu duenez, "bat egiten dugu, bete-betean, jaialdiaren helburuarekin: zientzia gizartearen eta ekonomiaren aurrerapenari laguntzen dion funtsezko kultura-jarduera gisa sustatzea".
Helburu hori betetzeko, jarduera programa zabala antolatu du Passion for Knowledge 2016 jaialdiak, irailaren 27tik aurrera, herritar orori zuzendua. Egitarau osoa jaialdiaren webgunean dago ikusgai: p4k.dipc.org.