BILBO 23 Sep. (EUROPA PRESS) -
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak Thinkmotion izeneko nazioarteko proiektuan parte hartu du, Europako mekanika ingeniaritzako historiaren bilduma bat interneterako prestatzeko.
Ingeniaritza mekanika da Arkimedesen garaietatik oinarri fisikoak ezarri dituen adarra (beroa, indarra, energia, materialen ezaugarriak eta abar), erabilgarriak diren lanabesak sortzeko, esaterako, tresneria eta makinaria. Gai honen ondare zientifikoa izugarria da baina galtzeko arriskuan dago, mekanismo historikoen liburuak bilatzeko galeriak aurkitzea lan zaila baita, hauen eskaera maila murritzak, zirkulaziotik kanpo utzi dituelako.
Europar Batzordeko ekimen bati esker, mekanika ingeniaritzak "bere Wikipedia propioa" izatea lortuko du, eta denboran zehar makina eta mekanismoak biltzea, kontserbatzea, sistematizatzea eta irudikatzea izango da liburutegi digital honen helburua. Liburu teknikoak eta bestelako argitalpen digitalizatuak, mota guztietako mekanismoen deskripzioak, irudiak, animazio interaktiboak, pertsonai garrantzitsuen biografiak, museo birtual bat edota bideoak interneten eskuragarri izango dira sei hizkuntzatara itzulita, erabat eskuragarria izango den datu base batetan antolatuta.
Thinkmotion izeneko egitasmo aitzindari hau, Europako bost herrialdetako sei ikerlari taldek egin dute, hauen artean EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko irakasle taldea. Lan bilduma hau -62.000 liburu, dokumentu historiko, biografiak, maketak eta bestelako materiala- pasa den maiatzean amaitu zuten eta bildutako materiala dagoeneko, www.dmg-lib.org eta www.europeana.eu web orrietan kontsulta daiteke.
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoarekin batera duela hiru urtetik lan honetan jardun duten gainontzeko instituzio akademikoak, Alemaniako Ilmenau eta Aquisgrán unibertsitate teknikoak, Italiako Cassinokoa, Errumaniako Timisoarako politeknikoa eta Mekanika Aurreratuetako Frantses Institutua dira. Ekimen hau, Informazio eta Komunikazioen Teknologien (IKT) egitasmo europarrak babesten du eta Europeana sarrera libreko europar liburutegiaren proiektuaren barruan kokatzen da.