EUSKADI.-Euskaldunen kopurua 118.000 lagunetan igo zen Euskal Autonomia Erkidegoan 2001 eta 2006 artean

Actualizado: miércoles, 23 julio 2008 12:47

EAEn bizi direnen hamarretik sei euskara ulertu eta hitz egiteko gai dira, ongi edo ahaleginduz

BILBO, 23 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2 urteko edo gehiagoko biztanleriaren %59,5ek zerbait bazekien euskaraz 2006an, 2001aren aldean ehuneko lau puntuz hazten delarik, Eustaten datuen arabera. Biztanleria-multzo honetan, 775.000 euskaldunak dira, euskaraz ongi ulertu eta mintzatzen direnak, eta 459.000 ia-euskaldunak, ulermen ona edo halamoduzkoa dutenak eta zailtasunez hitz egiten dutenak. Horrela, euskaldunak 2001ean baino 118.000 gehiago ziren 2006an, eta ia-euskaldunak 11.000 gutxiago.

Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak gaur jakinarazi duenez, euskaldunak eskualdeen arabera ikusiz gero, Gipuzkoak darrai gehiengoarekin (%52,9); Bizkaia ondoren (%31,3) eta Araba azkenik (%25,1). 2001aren aldean, ordea, Araban gehitu da gehien euskaldunen kopurua, %8,9; Bizkaian %6,4 eta Gipuzkoan %1,5.

Jaiotzek, heriotzek, mugikortasun geografikoak eta euskara irakaskuntzan sartzeak euskararen ezagutza homogeneizatu eta espazioan hedatu egiten dute. Euskararen gaineko datu orokor eskualdeetako hauek, Araba eta Bizkaiko aurrerapen azkarrarekin eta Gipuzkoako apalagoarekin, hizkuntzaren hedapen eta homogeneizatze espaziala baieztatzen dute, Eustaten arabera.

Ezberdintasunen mugimendu orekatzaile honek bi arrazoi nagusi ditu. Alde batetik, biztanleriaren mugimendu naturala dago, jaiotzak, heriotzak eta, batez ere, mugimendu geografikoak, bai kanpo immigrazioagatik, bai erkidego barneko mugimenduengatik; ondorioz, euskararen ezagutza EAE guztira zabaltzen da. Bestetik, mugikortasun linguistikoa dago; irakaskuntzan euskera ikasiz igo egiten da pertsonen hizkuntz gaitasuna, eta haietariko asko, gainera, hutsetik abiatzen ziren.

Hona hemen euskaldunik gehien duten eskualdeak: Bilbo Handia (207.659), Donostia (133.389), Arabako Lautada (58.733) eta Urola-Kosta (51.659), biztanleriarik gehien dutenak. Gainera, 2001eko Biztanleria Zentsuan igarritako joera mantendu egiten da: euskaldunen kopuruaren hazkunderik handiena Araban gertatzen da, euskararik gutxien egiten zen eskualdeetan; eta jaitsiera orokorra dago oso euskaldunak ziren inguruetan.

Horrela, Ehuneko 10 puntu baino gehiagoko hazkundea dute Arabako Ibarrek, Lautadak eta Errioxak. Bizkaian Enkarterrietan eta Bilbo Handian hazi da batik-bat euskaldunen kopurua, ia zazpi puntuz. Euskaldunen galera dago (2001ean dagoeneko igartzen zen), Markina-Ondarroan (%3,9), Gernika-Bermeon (%2,5), Urola-Kostan (%2,4), Deba Goienean (%1,8), Tolosaldean (%1,8), Goierrin (%1,4), Deba barrenean (%1,3) eta Arratia-Nerbioin (%1,2). Durangaldean, aurreko bost urtekoan bezalaxe, euskaldunen hazkundea dago (%1,4).

HIRIBURUAK

Gasteiz da euskaldunen ehuneko hazkunderik handiena duen hiriburua (%9,8), ia-euskaldunen kopurua jaisten delarik (%-3,5). 2001ean gasteiztar euskaldunak %14,9 ziren, eta %25,8 ia-euskaldunak; 2006an %24,6 eta eta %22,7 ziren ehunekoak, hurrenez hurren. Bilbon %8,8ko hazkundea dago euskaldunetan eta %2,6ko jaitsiera ia-euskaldunetan. Donostialdean %5,6 lehenengo taldean eta %-1,6 bigarrenean.

Araban Aramaiok bakarrik galtzen ditu euskaldunak 2001aren aldean (%-3,1). Erribera Beitian, Lezan eta Navaridasen gertatzen dira hazkunderik handienak biztanleriarekiko, ehuneko 15 puntu baino gehiagoz.

Gipuzkoan kontrako joera dago eta 89 udalerrietatik 11tan bakarrik dago euskaldunen hazkundea, eta bost puntu baino gutxiagokoa; Pasaia, Irun eta Errenteria nabarmentzen dira. Aitzitik, euskaldunak %65 baino gehiago diren 62 udalerrietan ehunekoa jaitsi egiten da, 2001ean bezalaxe.

Bizkaian heterogeneoagoa da udalerrien bilakaera, euskaldunen galerak eta igoerak baitaude, baina ez Araban eta Gipuzkoan bezain orokortuak. Euskaldunak lehen baino gehiago diren udalerriak dira Getxo (%9,1) eta Barakaldo (%8,5); Gipuzkoan bezala, euskaldunen ehunekoa altua den udalerrietan ehuneko horrek behera egiten du, nabarmen Meñakan (13 puntuz) eta Maruri-Jataben (11 puntuz).

EAEko zazpi biztanletatik batek euskaraz bakarrik hitz egiten du etxean. Gipuzkoako biztanleen %36,3k euskara ama-hizkuntza du eta lautik batek euskaraz bakarrik hitz egiten du etxean; ehuneko hau %40ra igotzen da bai euskaraz bai gazteleraz hitz egiten dutenak gehituz gero. Bizkaian euskara ama-hizkuntza du %13,1ek, eta Araban %4k; hitz egiteari begiratuz gero, %6 da Bizkaian eta %3,7 Araban; bai euskaraz, bai gazteleraz hitz egiten dutenak gehituz gero, %15 eta %6 dira.

Euskaldunaren profil nagusia ezberdina da eskualdeen arabera. Bizkaian (%12,7) eta Araban (%12), 35 urte baino gehiagoko pertsona da, eta euskaraz ongi ulertu, mintzatu, idatzi eta irakurtzen du; ama-hizkuntza eta hitz egindakoa gaztelera du. Gipuzkoan bestelakoa da, kasurik gehienetan (%17,7) 25-60 urte bitarteko pertsona da, eta euskaraz ongi ulertu, mintzatu, idatzi eta irakurtzen du; ama-hizkuntza eta hitz egindakoa euskara du.

Euskarazko irakaskuntzako ereduen zabaltzeak eta eskolatzea gero eta goiztiarragoak urritu egiten dute euskaraz ezertxo ere ez dakiten gazteen kopurua. 1996an 2-4 urte bitarteko haurren %33k ez zekiten ezer euskaraz; 2001ean 518ra jaitsi zen, eta berdin darrai 2006an. 4-15 urte bitarte, ehunekoa %9ren azpitik da, derrigorrezko hezkuntzako urteak dira. 2001eko zentsuaren aldean %3 puntuko jaitsiera dago.