EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzak zuzendariek bultzaturiko Vicrila enpresaren proiektu berria babestuko du

Actualizado: miércoles, 16 diciembre 2009 13:46

BILBO, 16 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Vicrila enpresaren proiektu berria babestuko du. Vicrilako zuzendariak dira proiektu horren buruak. Leioan (Bizkaia) dagoen enpresaren gaur egungo egoera "zaila" da, baina badirudi egoera hori laster konponduko dela Bizkaiko lantegiko gaur egungo zuzendarien eta Euskadiko filialaren orain arteko jabea izan den Arc Internacional talde frantsesaren nagusien arteko akordioari esker, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailetik adierazi dutenez.

Aipatu iturrien arabera, Eusko Jaurlaritzak "arreta handiz" jarraitu du prozesua azken hileotan, eta "begi onez" ikusi dute 'MBO Management Buy Out' operazioa, hots, zuzendariek enpresa erostea, eta Vicrila enpresako zuzendaritza-taldeak aurkeztutako proiektua. Adierazitako proiektua Arc Internacional taldearekin lortutako aurreakordioan oinarrituta dago.

Aldeekin izandako elkarrizketetan 'MBO' prozesua kalitatezkoa izateko borondatea dagoela jakinarazi da, hau da, etorkizunean jarduera handiena gauzatuko dela eta langileen gehiengoari eutsiko zaiola bermatu denez, Eusko Jaurlaritzak enpresako arduradunei jakinarazi die operazioa babesteko asmoa duela. Horretarako hainbat tresna eta konponbide erabiliko ditu, hala nola kapitalaren inguruko babesa emango du eta egingo diren esku-hartzeetan lagunduko du Vicrilak beste urte askotan jarrai dezan bere jarduera gauzatzen.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza honela gauzatuko da dagokion unean: Jaurlaritzak eskuragarri dituen arrisku-kapitaleko funtsen bitartez, eta, hala badagokio, beste laguntza batzuen bitartez, enpresa-arloko inbertsioa eta I+Ga babesteko (azken alderdi hori funtsezkoa da enpresaren jarraitutasuna bermatzeko etorkizunean) Industria Sailean nahiz SPRIn dauden programen arabera.