EUSKADI.-Getxok (Bizkaia) Jose Martin Elizondo antzerkigilea zena omenduko du bihar XXVII. Antzerki Jardunaldien baitan

Actualizado: viernes, 23 octubre 2009 13:03

BILBO 23 Oct. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) XXVII. Antzerki Jardunaldiak direla eta, bihar omenaldia egingo zaio Areetako Andres Isasi Musika Eskolan joan den otsailean hil zen Jose Martin Elizondo antzerkigileari. Iluntzeko 20:00etatik aurrera, Elizondoren "Juana creó la noche" lana antzeztuko du Theatre Sans Frontieres taldeak. Aurretik, 19:30etan "Jose Martin Elizondo: Teatro combatiente" izeneko liburua aurkeztuko da; lan horretan antzerki idazle eta zuzendari getxotarraren bizitza eta lana jorratzen dira.

Elizondok (Getxo, 1922-Toulouse, 2009), Espainiako Gerra Zibila zela-eta erbestera joan behar izan zuen, baina berehala bueltatu zuten alde frankistara. Bere bizitza berregiten saiatu zen, Mexikon 1939an erbesteratu zen bere aita -Errepublikaren aldeko soldadua- beti gogoan zuela, berriro ere ez zuen ikusiko eta.

1947. urtean muga zeharkatu zuen Frantziara eta Parisen antzerkirako bokazioa aurkitu zuen. Toulousera bizitzera joan zen eta bertan Amigos del Teatro Español (ATE) elkartea sortu zuen. Horren bidez frankismoak debekatu edo zentsuratu zituen egile eta antzerki-taldeak gonbidatzen zituen Frantziara. Aldi berean, antzerkigile jarduera hasi egin zuen garai horretan.

Elizondok 50 bat lan idatzi zituen, eta horietako 17 dagoeneko antzeztu dira. Jarduera luze horretan ATE elkarterako 80 lan zuzendu zituen. Elkarte horren baitan Theatre Sans Frontieres antzerki-taldea sortu zen. Bere testuez baliatuta, egile getxotarrak politikarekiko eta kulturarekiko konpromisoa erakutsi zuen eta frankismoaren biktimak defendatu eta gogoratu zituen.

Bere lan ospetsuenen daude "Memoria de los pozos" (Sitgeseko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren Santiago Rusiñol saria), "Dalilah y Dalilah", "Las hilanderas" eta "Antigona entre muros". Getxon, antzerkizaleek "Juana creó la noche" lanaz gozatu ahal izango dute. Horretan Joana Eroaren bizipenak kontatzen dira.

Bestalde, Hamaika Bide elkarteak sustaturiko "Jose Martin Elizondo: Teatro combatiente" liburua aurkeztuko da biharko omenaldian. Euskal idazle eta zuzendariaren bizitza eta lana jorratu dira bertan, eta bere jarduera garatu zuen gizarte eta ideologia testuingurua ere aztertu da. Era berean, honako alderdi hauek aztertu dira: egilearen antzerki lana, antzerkiaren kontzeptu abangoardista eta antzerki molde berrien bilaketa, agertokitik bultzatutako borroka eta konpromiso politikoa ardatz nagusia zela.