EUSKADI.-Kazetaritza, unibertsitate eta komunikabide-kabineteetako ehun bat profesional bildu dituzte Elhuyarrek eta Innobasquek

Actualizado: martes, 14 octubre 2008 20:21

DONOSTIA 14 Oct. (EUROPA PRESS) -

"Zientziarekin erakarri behar dugu publikoa" esaldiarekin ireki du Maria Pilar Perla 'Heraldo de Aragon'-eko 'Tercer Milenio' zientzia-kazetaritzako arduradunak Donostiako Kursaalen Elhuyar Fundazioak eta Innobasquek antolatu duten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Komunikabideetan izeneko mintegia.

"Kazetariak publikoaren zerbitzura daude, zientzialarien zerbitzura baino gehiago, eta publikoak buruan dituen galderak ezagutu behar dituzte", gaineratu du Perlak.

Elhuyar Fundazioak eta Innobasquek elkarlanean antolatutako mintegi horretan, kazetaritzako, unibertsitateko eta komunikabide-kabineteetako ehun profesional inguru bildu dira, eta zientzia-kazetaritzan adituen esperientzia ezagutzeko aukera izan dute.

Besteak beste, honako hauen esperientzia izan dute entzungai parte-hartzaileek: Gema Revuelta, Pompeu Fabra Unibertsitateko zientzia-komunikazioaren behategiaren zuzendariordea; Maria Teresa Escalas, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko zientzia-dibulgazioaren behategiaren arduraduna, eta Maria Pilar Perla.

Halaber, euskal komunikabideek zientzia, teknologia eta berrikuntzako gaiei buruz duten jarrera ezagutzeko aukera izan dute parte-hartzaileek, euskal komunikabideetako ordezkariek eskaini duten mahai-inguruan. Bingen Zupiria ETB-ko zuzendariak, Arantzazu Zugasti 'Noticias de Gipuzkoa'-ko zuzendariordeak eta Julian Beloki EiTB irratietako zuzendari koordinatzaileak hartu dute parte mahai-inguruan, Pilar Kaltzada Innobasqueko komunikazio zuzendariak moderatzaile lanak egin dituela.

Bestalde, mintegiaren barruan beste mahai-inguru bat ere egin da, "Zergatik eman zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren berri?" izenburupean. Luis Alfonso Gamez Vocento taldeko erredaktorea, zientzia eta teknologian aditua eta Magonia blogaren egilea; Jesus Ugalde Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria; Txema Ramirez de la Piscina Euskal Herriko Unibertsitateko kazetaritzako irakaslea; eta Gema Revuelta izan dira parte-hartzaileak. Moderatzaile-lanetan, berriz, Beñar Kortabarria aritu da.

Mintegian landu diren gaiak, banatutako dokumentazioa eta ondorio nagusiak http://laborategia.elhuyar.org webgunean egongo dira ikusgai gaurtik aurrera.