BILBO, 2 (EUROPA PRESS)
Euskadiko Eskolako Agenda 21 programari atxikitako 22 ikastetxe publikok eta pribatuk eskola jasangarriaren ziurtagiriak jaso dituzte astearte honetan, ekainaren 2an, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik. Ehundik gora ikasle, irakasle eta eskola horiek dauden 16 udalerrietako alkateek parte hartu dute ekitaldian, Busturian (Bizkai) dagoen Biodibertsitatearen Zentroan.
Ziurtagiri berri horiekin, guztira, dagoeneko 94 dira aintzatespen hori jaso duten Euskadiko Eskolako Agenda 21 programaren barneko ikastetxeak. Gaur egun, 114 udalerritako 456 hezkuntza zentrok hartzen dute parte Euskal Autonomia Erkidegoko 220.000tik gora ikaslek jasangarritasunerako hezkuntza jasotzen duten programan.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte lagun dituela, Urkulluk adierazi du ikastetxe horiek "jarraitu beharreko eredu" direla Eskolako Agenda 21eko gainerako ikastetxeentzat, "berrikuntza ahalmena eta jasangarritasunarekiko konpromisoa" direla medio.
Astearte honetako topaketarekin amaitu da 2014ko irailean hasitako prozesua. Ikastetxeek beren curriculumek, baliabide kudeaketak eta hezkuntza komunitateak parte hartzeko bideek jasangarritasunarekin bat datozen jarraibideak betetzen dituztela egiaztatu da prozesu horren bitartez, kanpo aholkularitza batekin.
Topaketan, ikasle talde batek "Jasangarritasuna xede, gazteak sarean lanean" gutuna eman dio Urkulluri. Bertan, agintariei eskatzen zaie ikasleei laguntzea beren herrietan hartzeko prest dauden konpromisoak betetzen, munduko beste gazte batzuekin sarea osatu eta "Salba dezagun planeta" goiburua ekintza bihurtzeko.
Gutuna jaso ondoren Urkulluk adierazi duenez, "planetak ez daki zer diren mugak, zer merkatua, eta ez du ideologiarik ezagutzen, baina gure lurrak ezagun ditu natura baliabideak modu arduratsuan erabiltzen dituzten pertsonak, aurrekoengandik jasotako natura ondarea zaintzen dakitenak, aurrerabidean sinesten dutenak, jasangarria bada. Hori da behar dugun eredua".
Eskolako Agenda 21 programak nabarmendutako 22 ikastetxeak 16 udalerritan daude: Gasteiz Araban; Abanto-Zierbena, Bilbo (hiru), Elorrio, Dima, Santurtzi, Portugalete, Muxika, Ortuella eta Zornotza (bi) Bizkaia; eta Arrasate, Orio, Donostia (hiru), Oñati, Irun (bi) eta Soraluze Gipuzkoan.