Euskadiko Egurraren I. Asteak hainbat ekitaldi izango ditu aste honetan

Actualizado: lunes, 23 noviembre 2015 18:19

BILBO 23 Nov. (EUROPA PRESS) -

Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteak Euskadiko Egurraren I. Astea antolatu du, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundien babesarekin, eta astelehenetik ostiralera, azaroaren 23tik 27ra, herritarrei zuzendutako ekitaldiak egingo dira, egurraren sektoreak duen garrantzia ezagutarazi, tokiko egurraren kontsumoa sustatu eta ingurumenerako baliabide jasangarria dela gogorarazteko asmoz.

Halaber, jardunaldi profesionalak egingo dira, eta egurraren sektorean ezarritako teknologia berriak landuko, bai basogintza, eraldatze, jasangarritasun edo lan segurtasunari dagokienez, antolakuntzak iturriek jakinarazi dutenez.

Egurraren Astea astelehen honetan hasi da, Bilbon, Gure Zura lehiaketaren stand ibiltari irabazlea aurkeztuz. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin (EHAEO) lankidetzan eraiki da, eta "made in Euskadi" egurraren lehen eta bigarren eraldatze industriaren produktuak izango dira erakusgai bertan. Kale Nagusian ezarriko da, Diputazio kalearen kantoian.

Peio Josepe López de Subijana Alonso, Ana Nicholson eta Alejandro Conejo Orue arkitektoek diseinatutako eta Aguma Rosa enpresak fabrikatutako standa, lehiaketara aurkeztutako beste 24 proiektuen arteko garailea izan da.

Astelehenean bertan, umeek ere hartu dute protagonismoa. Hitzaldiak eta ekitaldiak izan dira ikastetxeetan, ikasleei basoen garrantzia eta beren gestioaren garrantzia erakusteko. Horrez gain, Euskadin egurraz egiten diren produktu guztiak ezagutu dituzte.

"Gure Zura" standa berriro itzuliko da Bilboko kaleetara ostegunean, azaroaren 26an, eta Euskadiko egurraren lehen eta bigarren eraldatzearen produktuak erakutsiko zaizkie herritarrei. Erakusketon bidez, sektoreak dituen ahalmen industrialak erakutsiko zaizkio publikoari.

Halaber, jardunaldi profesionaletan bisita ezberdinak egingo dira sektorean ezarritako teknika berriak bertatik bertara ezagutzeko. Barazarren, baso masa neurtu ahal izateko lurreko laserraren ezarpenen erakusketa egingo da, eta Urkabustaizeko Beluntza mendian, pagondoak botatzeko egin ohi diren lan profesionalak erakutsiko dira.

Basoak ustiatzeko dronen erabilera, zuhaitzak hazteko ezarritako bioteknologia, 'San Juan' naoaren erreplika eraikitzeko proiektua, modulu egiturekin eraikinak zaharberritzeko "Bertim" proiektua, ingurumen ziurtagiriak, segurtasuna lanean eta egurraren munduko merkatua jorratuko dira profesionalei zuzendutako hitzaldietan.