Euskadiko ekoizpen zientifikoa hirukoiztu egin da azken hamarkadan

IKERBASQUE
Actualizado: viernes, 6 noviembre 2015 12:09

2013an 11.843 pertsona ari ziren lanean zientzia arloan, 2004an baino %60 gehiago

   BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekoizpen zientifikoa hirukoiztu egin da hamar urteren buruan, eta indexatutako 5.000 argitalpeneko muga gainditu zuen 2014an, lehen posizioetan diren eskualdeekiko bat egite azkarra erraztuz. Gainera, ekoizpen zientifikoaren hazkundearekin batera, nazioarteko lankidetza areagotu eta argitalpenen arloko lidergoari eutsi zaio.

   Hala jakinarazi dute Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak eta Fernando Cossío Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko zuzendari zientifikoa, "Zientzia Euskadin 2015" txostenaren emaitzen aurkezpenean, Bilbon.

   Europako hainbat lekutan antolatutako Zientzia Astearekin bat eginez zabaldu den txostenak Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagokienez.

   Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako 40 adierazleen arabera, "Euskadik munduan duen pisua etengabe hazi da azken hamarkada honetan, munduko batez bestekoaren gainetik lortutako hazkunde tasei esker".

   Horrela, Euskadiko ekoizpen zientifikoak indexatutako 5.000 argitalpeneko muga gainditu zuen 2014an, eta horrek esan nahi du, 2004tik gaurdaino, argitalpen kopuru osoa hirukoiztu egin dela, eta, lehenbiziko aldiz, Espainiako Estatuko ekoizpen osoaren %6,30 Euskadiri dagokiola.

   Horrenbestez, Uriartek nabarmendu duenez, "Euskadi ekoizpen absolutuaren bosgarren posizioan kokatu da Galizia gainditu ondoren, eta per capita ekoiztutako argitalpen kopuruetan, azkar-azkar hurbiltzen ari da lehen posizioetan diren eskualdeetara".

   Gainera, ekoizpen zientifikoaren hazkundearekin batera, nazioarteko lankidetza areagotu eta argitalpenen arloko lidergoari eutsi zaio eta, horren ondorioz, Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren esanetan, "zientzia sistema ikerketaren kalitatea kaltetu gabe hazi dela esan daiteke".

   Horrela, 2014an, Euskadiko argitalpenen %49,58 beste herrialde batzuetako erakundeekiko lankidetzaz landu zen. AEBetako eta Europako zientzia ekoizle nagusiak (Erresuma Batua, Alemania, Frantzia eta Italia) dira Euskadin ikertzen diharduten pertsonekin lankidetza harreman handienak dituzten herrialdeak.

   Sektorekako ekoizpenari begiratuta, Euskadiko zientzia ekoizpen osoaren %60 inguru unibertsitateei dagokie -EHU buru dela, indexatutako 2.813 argitalpeneko ekarpena egin baitzuen 2014an-, eta jarraian osasun arloko ikerketa eta zentro teknologikoak daude. Azken urteotan, euskal zientzia sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten (% 15 inguru, gaur egun) eragile berriak agertu dira (BERC zentroak eta IKZak).

KOMUNITATEA

   Euskadin, ikertzaile kopuruaren bilakaerak hazkunde iraunkorra mantendu du, 11.843 pertsona bilduz 2013n, 2004an baino %60 gehiago, alegia. Hazkunde honi buruz, "oso balorazio berezia" egin da gaur egungo testuinguru sozioekonomikoa latzari erreparatuta. Kopuru absolutuetan, Euskadi 4.000 ikertzaile lanpostu sortzeko gauza izan da hamarkada eskas batean.

   Generoaren ikuspegitik aztertuta, doktorego tesiak defendatzen dituzten gizon eta emakumeen ratioak antzekoak diren arren, askoz ere txikiagoa da ikertzaile karrera sendotzen duten emakumeen kopurua. Euskadiko ikertzaileen artean, emakumeen portzentajea %34 ingurukoa da 2004az geroztik, eta azken hamarkada honetan ez da aldaketa handirik izan kontu honetan.

   Ikerboost Ikerbasqueko Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak EAEn, Estatu espainiarrean eta nazioartean kontrastatutako informazio iturrien araberako adierazleak bildu ditu, euskal komunitate zientifikoa karakterizatu eta beste herrialdeetakoekin kualitatiboki nahiz kuantitatiboki konparatzeko aukera errazteko asmoz.

   "Zientzialariek aldizkari espezializatuetan argitaratzen dituzte ikerketetako emaitzak, beste ikertzaileekin batera partekatzeko; Ikerbasqueko Behatokiak argitalpen horiek guztiak monitorizatzen ditu, ale kopurua, nazioarteko eragina eta gaien araberako espezializazioa bezalako alderdiak aztertuz", Cossíok azaldu duenez.