Euskal Autonomia Erkidegoak 14.400 euskaldun irabazi ditu 2006 eta 2011 artean

Actualizado: jueves, 18 julio 2013 12:51

BILBO 18 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko 2 urte edo gehiagoko biztanleen %62,8k euskara-ezagueraren bat zuen 2011n, hau da, 2006an bainoi %3,3 gehiago. Biztanleria talde horretan, 790.000 euskaldun, euskara ulertu eta euskaraz hitz egiten dutenak zeuden, eta 542.000 ia euskaldun, ulermen maila ona edo ertaina, baina hitz egiteko zailtasuna dutenak. Horrela, euskaldun kopurua 14.400dik gora lagunetan igo da 2006 eta 2011 artean, eta ia euskaldunen kopurua, berriz, ia 82.600 pertsonatan, Eustaten datuen arabera.

Pertsona euskaldunen lurraldearen araberako azterketa eginez gero, 2011n Gipuzkoa mantendu da euskaldun kopuruaren portzentaje handiena duen lurralde gisa (%53,3), eta haren atzetik Bizkaia (%31,2) eta Araba (%23,9). Gainera, ia euskaldunak kontuan hartuz gero, Gipuzkoan lau pertsonatik hiruk dute euskara ezagueraren bat, Bizkaian bostetik hiruk eta Araban bitik batek. 2006. urtearekin alderatuta, 2011n Bizkaia da euskaldun eta ia euskaldun kopuruan igoerarik handiena izan duen lurraldea (%3,9), eta jarraian Gipuzkoa (%2,6) eta Araba (%2,3).

Lurraldearen araberako euskara maila globalari buruzko datuek euskarak espazioan izan duen hedapen eta homogeneizazio prozesua berresten dute. Jaiotze eta heriotzek eragiten dituzten biztanleriaren mugimendu naturalen eraginez, euskaldunen ehunekoa murriztu egin da eskualde eta udalerri batzuetan, hil direnen hizkuntza-gaitasuna handiagoa delako, hain zuzen.

Gainera, 2006-2011 aldian erregistratu diren joan-etorri geografikoen eraginez (kanpo-immigrazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien arteko egoitza-aldaketak) euskararen ezaguera homogeneizatu egin da lurralde osoan; horrek euskararen maila igotzea ahalbidetu du horren euskaldunak ez diren udalerrietan, baina aurkakoa gertatu da euskara maila altuena zuten udalerrietan, horietan murriztu egin baitaiteke noiz edo noiz.

Bestalde, hizkuntza mugikortasunak -euskara irakaskuntza arautuan edo euskarazko berariazko hezkuntzan ikasi izanaren ondorioz- pertsonen hizkuntza gaitasuna handitu du, euskara ia zerotik edo hasierako mailatik ikasten hasi arren.

Honako hauek dira euskaldun gehien dituzten eskualdeak, hurrenez hurren: Bilbo Handia (205.000), Donostia (139.000), Arabako Lautada (57.000) eta Urola Kosta (55.000). Gainera, hainbat desberdintasun hauteman dira eskualdeen bilakaeran, EAE osatzen duten 20 eskualdeetatik erdietan handitu egin baita, 2006tik, euskaldunen ehunekoa: Araban, Arabako Mendialdean %3,1, Kantauri Arabarrean %2,1 eta Gorbeialdean %1,8; Bizkaian, Enkarterrin %2,6, Durangaldean %0,5 eta Plentzia-Mungian %0,3; eta Gipuzkoan, Donostialdean eta Tolosaldean %0,8 bakoitzean.

Zentzu horretan, aurreko erroldetan hautemandako joera bera mantendu da, euskaldun kopuruaren igoerarik handiena euskararen presentzia txikien duten Arabako eskualdetan gertatu baita.

Era berean, euskaldunen portzentajea murriztu den eskualdeen artean, Markina-Ondarroa (%2,1) eta Arabako Lautada (%1,8) gailentzen dira, gainerakoetan murrizketa ehuneko bat baino txikiagoa izan baita.

HIRIBIRUAK

Bestalde, Donostia da euskaldunen (0,2 puntu) eta ia euskaldunen (2 puntu) ehunekoa handitu den hiriburu bakarra. Gasteizen, euskaldunen ehunekoa txikiagotu egin da (2,2 puntu), ia euskaldunena handitu egin den arren (3,4 puntu); 2006an, gasteiztarren %24,6 euskaldunak eta %22,7 ia euskaldunak ziren, eta 2011n, ordea, euskaldunek biztanleria osoaren %22,5 osatzen dute eta ia euskaldunek %26,1.

Bilbo bi hiriburu horien artean kokatzen da: euskaldunen ehunekoa 1,3 puntu txikiagotu da eta ia euskaldunen ehunekoa, berriz, 4,3 puntu handitu da.

Hiriburuek izan dituzten bilakaera desberdinak bertan hartu dituzten etorkin kopuruaren araberakoak dira, neurri handi batean, horietako asko atzerritarrak baitira, hau da, euskara ezaguerarik gabeak.

UDALERRIAK

EAE osatzen duten 251 udalerrietatik 115etan euskaldunen ehunekoa murriztu egin da 2006rekin alderatuta (%0,1 eta %7,6 artean) eta 136tan handitu (%0,1 eta %7,1 artean). Gipuzkoako 38 udalerritan herritarren %80 baino gehiago euskalduna da, eta horien artean Baliarrain (%95,8) eta Orexa (%95,3) nabarmentzen dira. Araban Aramaio bakarrik gailentzen da (%83,1), eta Bizkaian, %80tik gorako biztanle euskaldunak dituzten 23 udalerrien artean, Amoroto (%93,4) eta Aulesti (%91,6).

Arabako lurraldea osatzen duten 51 udalerrietatik 36tan handitu egin da euskaldunen portzentajea eta 15etan txikiagotu. Biztanleriari dagokionez euskaldun gehien irabazi dituzten udalerrien artean honako hauek daude: Barrundia (%7,1 gehiago), Okondo (%4,7), Arraia-Maeztu (%4,5), Kripan (%4,4), Donemiliaga (%4,4), Urkabustaiz (%4,2) eta Lantziego (%4,2). Era berean, euskaldun kopurua galdu duten udalerrien artean Oion aipatu behar da, %6 puntu galdu baititu 2006rekin alderatuta.

Gipuzkoan, 88 udalerritatik 43tan handitu da euskaldunen ehunekoa, eta horien artean, Leintz-Gatzaga (6,5 puntu), Gaztelu (4,4), Aduna (4,2), Urnieta (4,2) eta Zizurkil (4,1) azpimarratu daitezke. Aitzitik, euskaldunen ehunekoa murriztu den 45 udalerrien artean Ikaztegieta (4,6) eta Alegia (4) gailentzen dira.

Bizkaian, udalerriek izan duten bilakaera Gipuzkoak izan duenaren oso antzekoa da, euskaldun kopurua 57 udalerritan handitu eta 55etan txikitu baita. Euskaldunek pisua irabazi duten udalerrien artean, Ubide (4,5 puntu), Murueta (4,5) eta Gautegiz Arteaga (4) gailentzen dira, eta euskaldun kopurua galdu dutenen artean, berriz, Mañaria (7,6 puntu), Izurtza (7,5), Lanestosa (5,7) eta Arantzazu (5,5).

Azkenik, Gipuzkoako biztanleen artean, lautik hiruk euskara dute ama hizkuntza, eta lautik batek euskaraz bakarrik hitz egiten du etxean. Portzentaje hori %43ra igotzen da etxean euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten duten pertsonak kontuan hartuz gero.

Bizkaian, biztanleriaren %13aren ama-hizkuntza da euskara eta Araban, ordea, biztanleriaren %4arena. Etxean hitz egiten den hizkuntzari dagokionez, euskarak %9 osatzen du Bizkaian eta %3 Araban; zenbateko hori %15era eta %7ra igotzen da, hurrenez hurren, etxean euskara eta gaztelania erabiltzen duten biztanleen kopurua kontuan hartzen bada.