DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko mugimendu feministak azken 40 urteetan egindako jardueren kronika da Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko Ganbara aretoan asteazken honetan irekiko duten "Gorputz grafiak erakusketaren ardatza. Erakusketarekin batera, "Gure genealogia feministak" liburua aurkeztuko da.
Bilgune Feministak zortzi urtean garatu duen ikerketako, bilketako eta azterketako proiektu baten parte dira erakusketa eta liburua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin garatu duen proiektu horren helburua da mugimendu feministak Euskal Herrian eraman duen ibilbidea berreskuratzea eta aitortzea.
Garazi López de Etxezarreta eta Laura Gómez Gipuzkoako Aldundiko Kulturako eta Berdintasuneko zuzendariek, hurrenez hurren, prentsaurrekoa eman astearte honetan, Bilgune Feministako ekintzaile Miren Aranguren, Edurne Epelde eta Iratxe Retolazarekin batera, erakusketa aurkezteko. Asteazken arratsaldeko 19:00etan inauguratuko da.
Hainbat material grafikok eta beste pieza batzuek osatzen dute erakusketa, eta ikuskera bat jasotzen dute borroka feministak 1960ko hamarkadatik bizi izan dituen antolaketa ereduei, jardunaldiei, eztabaidei eta aldarrikapenei buruz, kaleko mobilizazioak eta gorputzaren adierazpenak oinarritzat hartuta. Material horiek, ondoren, herritarren eskura jarriko dira.
LIBURUA ETA DOKUMENTALA
Erakusketarekin batera, "Gure genealogia feministak" liburua aurkeztuko da, bai eta dokumental bat ere. Gainera, jardueren egitarau zabal bat eskainiko da, bisita gidatuekin -maiatzaren 9, 16, 23 eta 30ean eta ekainaren 6an-, tailerrekin eta mahai inguruekin.
Jarduera horiek guztiek aztergai izango dituzte mugimenduaren ekintza kolektiboaren agendak ardatz izan dituen askotariko gaiak, hala nola subjektu feminista, lan sexuala, emakumeek beren gorputzen gainean erabakitzeko duten eskubidea eta genealogia feministaren parte diren aztarnen bilaketa.
"Garbi ikusten genuen beharrezkoa zela proiektu hau, historian zehar inoiz ere ez direlako islatu mugimendu feministaren ekarpenak. Euskal Herrian, hori egiteko unea iritsiko da, dudarik gabe, eta erakusketa honek balioko du feministei aitortzeko erreferenteak direla justizia sozialaren eraikuntzan", adierazi dute Bilgune Feministako aktibistek.
Proiektuaren %40 finantzatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun eta Kultura zuzendaritzek: lehenengoak ikerketari lagundu dio, eta, bigarrenak, berriz, erakusketa eta jarduera egitaraua babesten ditu.