Euskaltzaindia izango da Euskal Hirigune Elkargoaren aholku emaile ofiziala, euskarari dagokionez

Etchegaray eta Urrutia, Baionan
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 13 septiembre 2018 12:25

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak bi erakundeen arteko hitzarmena izenpetu dute ostegun honetan, Baionan. Horrela, Euskaltzaindiaren egitasmoek "interes publiko nabarmena" dutela aitortu eta, euskarari dagokionez, aholku emaile ofizial izendatu du Euskal Hirigune Elkargoak. Akordioak 2019ko abendura arte iraungo du.

Halaber, elkargoak konpromiso zabalak hartu ditu, besteak beste, Euskaltzaindiak emandako arauak, gomendioak eta irizpenak jarraitzea, hizkuntzaren kalitatean sortzen diren hutsuneak Euskaltzaindiari jakinaraztea eta elkar aditze egitura bat sortzea.

Horrela, euskararen sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da bi erakundeen arteko elkarlana, bereziki, Akademia Ipar Euskal Herrian ezagutarazteko asmoz eta mendeurrenaren harira antolatuko diren ekimenetan. Era berean, Onomastika alorrean dauden zalantzak argitzera eta horren gaineko datu base bat sortzera konprometitu dira. Ekintza horiek burutzeko 20.000 euroko diru laguntza jasoko du Euskaltzaindiak.

Modu honetan, Euskaltzaindiak nabarmendu duenez, Euskal Herri osoko aitortza instituzionala duen erakunde bakarra da, hiru administrazioetan lortutako hitzarmenei esker, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoarekin lortu berri duenaz gainera, Euskaltzaindia erakunde aholku emaile ofiziala da EAEn eta Nafarroako Foru Komunitatean, eta bere finantzaketa bi autonomia erkidegoetako nahiz Espainiako Estatuko funts publikoetatik eskuratzen du.