BILBO, 20 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua eratu da ostiral honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitza nagusian, eta besteak beste, bertan bildu dira patronatua osatuko duten 21 erakundeak, tartean, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde nagusiak.
Zehazki, Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Gobernua, Euskal Hirigune Elkargoa, Espainiako Gobernua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak, Euskadiko Udalen Elkartea (Eudel), Nafarroako Udal Kontzejuen Federazioa (NUKF), Baionako Herriko Etxea, Bilboko Udala, Donibane Garaziko Herriko Etxea, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Iruñeko Udala, Mauleko Herriko Etxea, Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua eta Espainiako Errege Akademia dira Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatuko kideak.
Uztaileko osoko bilkura aprobetxatu du Akademiak Ohorezko Patronatuaren eraketa egiteko, eta Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua eta Espainiako Errege Akademiako ordezkariak gonbidatu ditu Bizkaiko Foru Jauregiko Batzar Aretora.
Osoko bilkura amaitu ostean egin da ekitaldi nagusia, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Beñat Arrabit Euskararen Elkargoko lehendakariordeak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hitz egin dute.
Urkulluk Euskaltzaindia zoriondu du eta eskerrak eman dizkio gonbidapenagatik. Euskararen historia luzea "gorabeherez beterik" egon dela adierazi du, "argiez eta, baita ere, ilunez". Halaber, euskararen historia hurbilean "bi mugarri bereziki aipagarriak" daudela azpimarratu du: lehenengoa, Euskaltzaindiaren sorrera, eta bigarrena, 50 urte geroago euskara batua. "Bi erabaki hauek etorkizunaren ateak ireki zizkioten, parez pare, euskarari", gaineratu du.
Euskaltzaindiaren sorrera "euskara eta euskal kulturarentzako garai oparoan" etorri zela gogoratu du, "euskal pizkundearen urteak" baitziren. Halere, frankismoak pizkunde hura "bortizki" gelditu zuela adierazi du, eta ondoren "urte latzak" etorri zirela.
"Baina 60garren hamarkadan haize berriak etorri ziren euskal kulturarentzat eta, Euskaltzaindiak, euskararen batasuna gauzatzeko prozesua abiatu zuen. Euskaltzaindiari esker euskara eta euskal hiztunok indartu gara, ahaldundu gara", nabarmendu du.
Orobat, 2018an Euskaraldia izango dela gogoratu du, "euskararen erabilerari, euskararen lurralde osoan, hauspo berri bat emateko asmoarekin". "Euskal pizkundea. Euskara batua. Euskaraldia. Hau da euskararen etorkizuna. Euskarak batu egiten gaitu eta, bere lehen mendeurrenean, Euskaltzaindiak elkartu gaitu euskarak batzen gaituela ospatzeko", esan du.
"KONPROMISOA HARAGO"
Bestalde, Urrutiak adierazi du ekitaldi honetan berresten dela duela ehun urte lau aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean Euskaltzaindiari eman zioten zeregina. "Eta harago eramaten dugu konpromisoa, ordurik hona Euskal Herrian izan diren errealitate berriei aitortza eginez eta euskal gizarteko eragileei gure elkarlana eskainiz, euskara eta euskal kulturaren mesedetan", esan du.
Euskaltzainburuak Akademiaren hastapenak gogoratu nahi izan ditu, azpimarratuz, ordutik etenik gabe lanean jardun duela erakundeak, "garai gozo zein latzetan, nola Iker hala Jagon sailetan, euskararen inguruko ikerkuntza linguistikoari eta gizarte erabileraren arlo desberdinei adi-adi".
Orobat, gogoratu du Euskaltzaindiak "zin-zinezko komunitate zientifiko, akademiko eta soziala" ondu eta mamitu duela urte hauetan, bestelako errealitate batzuk aurrera eramanez eta finkatuz, "egun euskal kulturaren ezinbesteko erreferentzia direnak": dela euskararen estandar linguistikoa formulatzea, dela ikastolen mugimendua, euskalduntze eta alfabetatze kanpainak eta euskaltegiak, edo dela bertsolaritza, literatura sorkuntza edo itzulpengintza.
Urrutiak aitortu du Akademiak baikortasunez begiratzen diola etorkizunari, eta ziurtatu du Euskaltzaindiaren zerbitzu gogoa ez dela amatatu, euskara aitzinatzeko erakundearen nahiak "indartsu" jarraitzen duela. Gainera, ohartarazi du zeregin hori "euskararen eremuan lan egiten duten guztiekin batera" gauzatu behar duela, "ondorengo urteetan ere Euskaltzaindia erreferentea izan dadin euskararen munduan, tankera irekian lan eginez, guztiok baikara Euskaltzaindia".