Euskaltzaindiko langileek hitzarmenaren aldeko bi orduko lanuztea egingo dute asteazkenean

Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza
EUROPA PRESS
Actualizado: martes, 15 marzo 2016 17:07

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiko langileek hitzarmenaren aldeko bi orduko lanuztea egingo dute asteazkenean, martxoaren 16an, 08:45etik 10:45era arte, Akademian ordezkaritza sindikala daukan ELA sindikatuak deituta. Lanuztearen arrazoia, duela hiru hilabete egindako lanuztearen ildotik doa, Euskaltzaindiak langileen eta ordezkaritza sindikalaren eskariei emandako erantzuna "oso eskasa" dela eta.

   Zehazkiago, ELAk jakinarazi duenez, Akademiako Zuzendaritzatik "benetako konpromiso bat" nahi du "langile guztiei aplikagarria eta lan erreforma kanpo utziko duen hitzarmena lortzeko". Gainera, otsailaren 17tik aurrera lanpostu bat bete barik dagoela eta beste bi hutsune berehala sortuko direla adierazi du. "Lanpostu horiek betetzea eta beste kideek bezala, baldintza duinak aplikatzea exijitzen diogu Euskaltzaindiari", esan du.

   Bi orduko lanuztearekin batera, asteazkenean bertan, langileek 15 minutuko elkarretaratzea egingo dute Bilboko Areatzan, 10:15etik 10:30era. Aurretik Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Ordezkaritzara eta Bizkaiko Foru Aldundira ere joango dira "arazoa sozializatzera".