Euskararen gaineko diskurtso partekatuko oinarri izateko 21 esaldi

Baztarrika eta Martinez de Luna
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 4 febrero 2016 14:28

   DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiritarren bi herenek partekatzen dituzten 21 esaldi proposatu ditu Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde eta Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 batzorde bereziaren presidenteak, euskararen gaineko diskurtso partekatu baten oinarri izateko.

   Baztarrikak eta Iñaki Martinez de Luna soziolinguista, Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 batzorde bereziaren eta Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen (EGOD) egitasmoaren zuzendariak, euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarrien aurkezpena egin dute ostegun honetan Donostian.

   Horrela, Baztarrikak azaldu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren konbikzioa dela euskara biziberritzeko prozesuan eraginkorrak izateko, besteak beste, arau eta politika egokiak, plangintza egingarriak, bitartekoak, ezagutza zientifikoa edo lankidetza publiko-pribatua behar direla.

   Halaber, behar den horren guztiaren oinarri nagusiak "bi zutabe ezinbesteko" direl gaineratu du, alegia, "herritarren atxikimendua gogoa, nahia", eta "askotarikoen arteko adostasun sozial eta politiko zabala, zabala kuantitatiboki, eta zabala kualitatiboki". "Badakigu, noski, adostasuna ez dela nahikoa, baina hori bezain argi dakigu adostasuna ezinbestekoa dela aurrera egiteko", gaineratu du.

   Azken hiru hamarkadetan euskarak "jauzi handia" egin duela EAEn gogorarazi du, eta jauzi hori egiteko "nahitaezkoa" izan dela adostasun sozial eta politiko zabala. "Adostasun horren babes eta legitimaziorik gabe ez genituen euskara biziberritzeko eraiki dugun corpus juridiko-normatiboa eraikiko eta hainbat arlotan askoren artean garatu ditugun politikak garatuko. Adostasun sozial eta politiko hori zaindu, eguneratu, elikatu eta indarberritu egin behar da. Etengabea da lan hori", esan du.

   Baztarrikak gogorarazi duenez, Euskararen Aholku Batzordeak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hala proposatuta, 2013-2014 aldirako lan programa onartu zuen eta programa horretako eginkizunetariko bat, hain zuzen ere, honela definituta onartu zen: "Euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea". Bada, eginkizun hori garatzearen ardura Euskara 21 Batzorde atalaren esku jarri zen.

BOST DISKURTSO

   Eginkizun hori aurrera eramateko "Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa" (EGOD) izeneko egitasmoa jarri zen martxan, eta egitasmo horren zuzendaria Euskara 21 Batzorde ataleko zuzendari bera da, alegia, Iñaki Martínez de Luna. EGOD egitasmoak euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea du helburu, eta horrela izendatu dira bost multzo edo diskurtsoak: Errespetuarena, Balio pragmatikoarena, Sustatzailea, Aldarrikatzailea eta Mesfidatia.

   Bost diskurtsoak 33 esaldiz osatuta daude eta esaldi bakoitzak onarpen maila ezberdina du. "Intersekzio edo zoru komun" hori definitzeko, esaldi hauetatik edota ikerketako bestelako galderetatik ateratako ideietatik %66,6tik gorako babesa dutenak hartu dira. Beraz, esaldiak aukeratzeko, ezinbestez, bi hereneko babesa izan behar dute. Onartutakoak 21 izan dira, eta, beraz, lan honi esker, definituta geratu dira gutxienez gizarteko bi herenek ontzat ematen dituzten ideiak.

   Ideia horietatik babes handiena dutenak dira umeek ingelesa ikasteak eta euskara eta gaztelania jakiteak duen garrantzia; bakoitzak duen eskubidea zein hizkuntza duen nahiako aukeratzeko, besteen aukera ere ertrespetatuz; euskaldunen eta erdaldunen arteko errespetua bultzatzea; saltoki, enpresa eta administrazioan bezeroen nahia errespetatu beharko litzatekela euskaraz zein gaztelaniaz artatua izateko; eta euskara ez dakitenek ere euskararen normalizazioa babestu beharko luketela.

   Halaber, euskara jakiteak aukera gehiago ematen dituela; euskaraz ez dakitenek ere euskara izateaz harro sentitu beharko liratekela; garrantzitsua litzatekela Euskadiko biztanle gehienek euskara ikastea, eta euskaldunek ulertu behar dutela pertsona askok ezin dutela euskara ikasi ideiek ere %80tik gorako babesa jaso dute.