Gazteen artean ekintzailetasun kooperatiboa sustatzeko unitate didaktiko berria

Koldo Tellitu eta Adrian Zelaia
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: jueves, 5 octubre 2017 17:43

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

Ikastolen Elkarteak eta Ekai Center Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatuta, gazteen artean ekintzailetasun kooperatiboa sustatzeko egitasmoaren eta horri loturiko unitate didaktikoaren aurkezpena egin da ostegun honetan, Donostiako Tabakalera zentroan.

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, Ekai Center Fundazioko arduradun Adrian Zelaiak, Ikastolen Elkarteko Amaia Arrastoak eta EKAI Center Fundazioko Larraitz Altunak egin dute aurkezpena.

Ekitaldian defendatu duten ekintzailetasuna ez da "gaur egun hain modan dauden" startup enpresak sortzeko aurrera eramaten den eredua, baizik eta ekintzailetasun kooperatiboa, alegia, balio kooperatiboetan oinarritutako ekintzailetasuna.

Hain zuzen ere, startup enpresen gorakadak balio kooperatiboei kalte egin diela azaldu du Altunak, eta horregatik azaldu du beharrezkoa dela ekintzailetasun kooperatiboa bistaratu eta normalizatzea. Horretarako, erakunde publikoen eta pribatuen arteko elkarlana zabaldu behar dela adierazi du, eta hezkuntzan txertatu beharraz mintzatu da, espazio bat eman behar zaiola ekintzalietasun kooperatiboari. Azken finean, ekintzailetasun kooperatiboaren kultura sustatu behar dela azpimarratu du, eta sustapen horretan hezkuntzaren alorra beharrezkoa dela.

Gogoeta horrek bultzatuta garatu du Ikastolen Elkarteak gazteen artean ekintzailetasun kooperatiboa sustatzeko unitate didaktikoa. Amaia Arrastoak hitz egin du Ikastolen Elkartearen izenean, eta unitatearen ezaugarriak xehaztu ditu.

Unitate didaktikoak kooperatiba bat sortzeko erronka planteatzen die ikasleei. Hiru laguneko taldeetan banatuta, erronka horri heldu eta aurrera eramango dute ikasleek. Helburua ikasleen artean ekintzailetasuna eta balio kooperatiboak sustatzea da. Batxilergoko 1. mailako ikasleei dago zuzendua, hau da, 16-17 urteko gazteei.

Unitatearen bitartez landuko diren oinarrizko konpetentzia guztiak lantzen dira, baina bereziki hauek: pentsatzen eta ikasten ikastea eta elkarrekin bizitzen jakitea. Alorrei dagokienez hiru jorratuko dituzte: Historia, Ekonomia eta Ingelesa, baina euskara ardatz harturik.

LAU ARDATZ

Hezkuntza kooperatiboaren lau ardatzetan mugituko dira ikasleak: taldekide guztiek helburu komun bat partekatuko dute; elkarrekiko menpekotasun positiboa landuko da, alegia, bakoitzaren lorpenak lotuta egongo dira besteen lorpenekin; aurrez aurreko eta bat-bateko komunikazioaren garrantzia azpimarratuko da, egin beharreko urratsak ebazteko eta erabakiak hartzeko orduan, bereziki; bakarkako erantzukizuna eta konpromisoak hartu beharko dituzte.

Metodologiari dagokionez, erronken metodologia erabiliko dute. Unitateak aste eta erdi eta bi aste arteko iraupena aurreikusten du, baina beste bat ere garatu dute bi egunetan egin ahal izateko.

Lau pauso nagusi ditu. Lehenbizikoa grina sortzea da. Zer lortu behar duten aurkeztuko zaie, alegia, kooperatiba bat sortu behar dutela esango zaie, gazte ekintzaileek aurrera eraman eta arrakasta izan duten adibide batzuen bitartez.

Ikerketa prozesua irekiko dute ondoren, informazio bilaketan oinarritua. Kooperatibagintzan izan diren sei mugarri historiko aztertuko dituzte. Taldekide bakoitzak mugarri bat jorratuko du eta besteei azalduko die. Halaber, kooperatiba bat sortzeko zein urrats egin behar dituzten aztertuko dute.

Sormena lantzea izango dute hurrengo urratsa. Taldekide bakoitzak kooperatiba sortzeko bi ideia landuko ditu bakarka, eta beste taldekideei aurkeztuko die. Ondoren, denen artean egitasmo onena aukeratuko dute. Azkenik, sortu nahi duten kooperatibaren ideia garatu beharko dute, hau da, prozesu osoa garatuko dute.