BILBO, 4 (EUROPA PRESS)
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak "El siglo de Luis Ortiz Alfau" liburua aurkeztu du asteazken honetan Bilbon, "Memoriak" bilduma lehen lana, hain zuzen ere. Bertan, Euskadiren XX. mendeko historia kontatzen da Luis Ortiz Alfauren bizitzaren bitartez.
Ander Izagirre idazle eta kazetariak idatzitako biografian, Espainiako gerra zibila, kontzentrazio esparruak eta frankismoa zeharkatu eta memoria historikoa berreskuratzeko borrokara iritsi arte Luis Ortiz Alfauk egindako bidea kontatzen da. Esan bezala, Euskadiren "memoria demokratikoaren puzlea osatzea" helburu duen "Memoriak" bildumako lehenengo liburua da.
"El siglo de Luis Ortiz Alfau" lanaren aurkezpenean, Bilbon, Aintzane Ezenarro Gogora institutuaren zuzendaria, Ander Izagirre egilea eta Luis Ortiz bera egon dira.
Ezenarroren esanetan, liburua gazteek euren herriko memoria historikoa ezagutzeko erreminta bat da. Liburuan kontatzen diren esperientzia guztien ezaugarri komuna "giza eskubideen urraketa eta horiei aurre egiteko modua" dela azpimarratu du.
Halaber, Izagirrek ziurtatu du Luis Ortiz Alfauren bizi esperientziak "ia pelikula egiteko modukoak" direla eta "gure historiako azken 80 urteetako momentu nagusietan" dagoela. "19 urte zituenean gerra zibila hasi zenetik, Gernikako bonbardaketan dago, Elgetan Intxortako batailan dago, Frantzian dago, kontzentazio esparruetan dago", esan du.
Azkenik, liburuaren protagonistak nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzak "gerra zibilean gertaturikoa jakin dadin" azaldutako ardura, "'demokratikoak' deituriko gure gobernuek egin ez dutena", Espainiako Gobernuari aipu eginez. "Memoria historikoa kutxa batean gordeta izan dute gaur arte. Gaur egun, denon artean bataila hori irabazten ari garela uste dut", ziurtatu du.
Liburu honekin ekin dio Gogora institutuak "Memoriak" izeneko liburu bilduma osatzeko bideari. "Euskadin azken urteotan gertatutakoari buruzko memoria osatzen joateko historiak biltzea helburu duen puzlearen lehenengo pieza dugu hau", azaldu du Ezenarrok.