Ia 134.000 pertsonak euskara hautatu dute Osakidetzan arreta jasotzeko lehentasunezko hizkuntza

Hizkuntzaren inguruan Osakidetzan abiarazitako kanpaina
IREKIA
Actualizado: martes, 7 marzo 2017 13:48

GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)

Ia 134.000 pertsonak aukeratu dute euskara Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuan arreta jasotzeko lehentasunezko hizkuntza, "eta pixkanaka gero eta zerbitzu gehiago ari da euskaraz eskaintzen", Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez. Berez, 2006an Osakidetzako 2.346 langilek egiaztatuta zuten hizkuntza eskakizuna (guztien %11,2), eta 2016an zenbateko hori hirukoiztu egin da eta 8.998 langilera iritsi da (%33,96).

Horrela jakinarazi du Darponek Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean astearte honetan egin duen agerraldian. Agerraldia, iaz bezala, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2013-2019 aldirako II. Planaren betekuntzaren berri emateko egin du, eta aurten 2016ko datuak eman ditu. Planaren tarteko ebaluazioaren berri datorren udazkenean emango da.

Osasun sailburuarekin batera izan dira Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusia eta Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendari nagusi. Osakidetzaren erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea eta Euskadin osasun arretaren kalitatea hobetzea helburu duen bigarren plan hori betetzeko 2016an gauzatu diren jarduera zehatzen berri eman dute.

Horrela, Darponek jakinarazi du Osakidetzaren ia 134.000 erabiltzailek hautatu dutela euskara Euskal Osasun Zerbitzuan arreta jasotzeko lehentasunezko hizkuntza. Halaber, 2006an Osakidetzako 2.346 langilek hizkuntza eskakizuna egiaztatuta bazuten (%11,2), 2016an 8.998 langilek egiaztatu dute (%33,96).

EUSKARA IKASTAROAK

Bestalde, azpimarratu du iaz langileen %10ek egin zituela euskara ikastaroak, eta lehenengo aldiz sartu direla euskarari buruzko adierazleak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren erakundeen arteko harremana antolatzen duen kontratu programan.

Darponen esanetan, "gauza asko egin dira, baina oraindik ere beste asko daude egiteko". Alde horretatik, Osasun Sailak eta Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiak lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, "beti progresibotasunaren irizpidea jarraituz eta etengabeko hobekuntzaren bidetik osasunaren arloan euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko, zeregin hori erraztuko duten lan tresnak garatzeko eta langileei prestakuntza emateko, besteak beste".

Osasun sailburuak Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzearen arloan egiten ari diren ahalegina nabarmendu du, eta esan duenez, "ikusi besterik ez dago gora egin duela euskara dakitenen eta euskara erabiltzen dutenen kopuruak belaunaldi gazteen artean, eta horri esker nabarmen egin ahal izango da aurrera Osasun Zerbitzuaren prestazio guztiak pixkana euskaraz eskaintzeko bidean hala eskatzen duten pertsona guztiei".