DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)
ICMA Sariak (International Classical Music Awards), musika klasikoaren alorrean Oscar sarien baliokideak direnak, apirilaren 1ean emango dira Donostian. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) eta Donostia 2016 dira aurtengo edizioa prestatzaileak.
Bi erakundeetako arduradunek agerraldi batean adierazi dutenez, ICMA Sariak musika klasikoaren nazioarteko sariak dira, musika klasikoaren alorrean Oscar sarien baliokideak, nolabait esateko. Estatuan lehen aldiz egingo den sari banaketari esker, "Donostia eta, bide batez, Euskadi, musika klasikoaren erdigune bilakatuko dira Europa mailan".
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Elkarrizketak ildoaren baitan kokatzen da ekitaldia, hau da, Hiriburutzaren balioekin lotutako proiektuak tokiko kultur programatzaileekin elkarlanean gauzatzeko sortutako lan ildoaren baitan.
Urtero nazioarteko artistei sari bereziak banatzen zaizkie. Aurten, esaterako, Bizitza Osoko Lorpenari Saria jasoko du Dame Felicity Lott sopranoak, Urteko Artistari Saria Christian Lindberg konpositore, tronboi jotzaile eta zuzendariak, eta Urteko Artista Gazteari Saria Pablo Ferrandez biolontxelistak.
Halaber, Aurkikuntza Saria, lehena aldiz emango zaiona 12 eta 18 urte bitarteko musikari bati, Nikolai Song flautistak jasoko du. Gainera, CD eta DVD ekoizpen onenak ere saritzen dira 15 arlotan (musika barrokoa, abesbatzarako musika, musika sinfonikoa eta abar).
Horrela, apirilaren 1ean, ICMA Awards sarien epaimahaikideak, sarituak eta hainbat gonbidatu bilduko dira mugatua izango den sari banaketa ekitaldian. Horren ostean, gala kontzertua izango da, publikoari irekia. Kontzertuan saritu guztiek esku hartuko dute, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera, zuzendari titular Jun Märkl maisuaren zuzendaritzapean.
Gauzak horrela, musika "klasiko" izena hartzen duen horrek bere baitan biltzen dituen askotariko musika moldeek bat egingo dute emanaldian, adierazpide bakoitzaren erakusle diren artista nabarmenen eskutik. Gala kontzertua Kursaal auditoriumean izango da, 20:00etan, eta sarrerak salgai daude jada ohiko salmenta bideetan (22€/10€).
Aurtengo edizioan sarituak izan diren eta kontzertuan parte hartuko duten artistak honakoak dira: Dame Felicity Lott sopranoa (Bizitza Osoko Lorpenari Saria), Christian Lindberg tronboi jotzailea (Urteko Artista), Pablo Ferrandez biolontxelista (Urteko Artista Gaztea), Nikolai Song flautista (Aurkikuntza Saria), Lukasz Dlugosz flautista (Musika Garaikidea), Michala Petri flauta ezti jotzailea eta Mahan Esfahani klabezin jotzailea (Musika Barroko Instrumentala), David Violi pianista (Epaimahaiaren Sari Berezia) eta Javier Perianes pianista eta Harmonia Mundi diskoetxearen ordezkaria (Urteko Disko Etxeari Saria).
ICMA SARIAK
ICMA Sarien epaimahaia 13 herrialde ezberdinetako musika kritikoek osatzen dute, musika klasikoaren alorrean erreferentziazkoak diren 17 paperezko zein interneteko komunikabideen ordezkariak: Andante (Turkia), Classic Radio eta Rondo Classic (Finlandia), Crescendo (Belgika), Fono Forum (Alemania), Gramofon (Hungaria), IMZ (Austria), Kultura (Errusia), MDR-Figaro (Alemania), Musica (Italia), Musik & Theater (Suitza), Orpheus Radio (Errusia), Opera (Erresuma Batua), Pizzicato eta Radio 100,7 (Luxemburgo), ResMusica (Frantzia) eta Scherzo (Espainia).
Lehenbiziko sari banaketa ekitaldia Tampere hiri finlandiarrean izan zen 2011. urtean eta Tampereko Orkestra Filarmonikoak antolatu zuen. Hurrengoa Nantesen izan zen, Orchestre National des Pays de la Loire orkestrak antolatua. 2013an, berriz, Milanen izan zen ekitaldia, Orchestre Sinfonica di Milano Giuseppe Verdik sustatuta. 2014an Varsovian izan zen, Ludwig van Beethoven Aste Santuko Jaialdiaren baitan, eta iaz Ankaran egin zuten, Bilkent Symphony Orchestraren Auditoriumean.
Varsovian eman zen ezagutzera, hain zuzen ere, 2016an sari banaketa ekitaldia eta ondorengo gala kontzertua Donostian izango zirela, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik eta Donostia 2016 Europar Kultur Hiriburutzaren baitan.