BILBO 27 Oct. (EUROPA PRESS) -
Ikerbasque Fundazioko hiru ikertzailek beste horrenbeste proiektu berritzailerentzako finantzaketa lortu dute, Europako Ikerketa Kontseiluak ikertzaile gazteei banatzen dizkien 'Starting Grants' delako diru-laguntzen bitartez. Ikertzaile gazteek karrera Europan egitea da diru-laguntzen xedea, Ikerbasqueko iturriek adierazi dutenez.
ERC (European Research Council) delakoa Europar Batasunak sortu zuen 2007an. Zientzia-bikaintasunean oinarritutako ikerketa-proiektuak sustatzen dituen Europako lehenengo erakundea da ERC. Berak kudeatzen du "Ideas" programa, ikerketari buruzko Europako 7. Esparru-Programa osatzen duten lau programetako bat, eta 'ERC Starting Grants' izeneko diru-laguntzak banatzen ditu urterik urte lider independenteak izateko gaitasuna frogatua duten zientzialarien artean. Beka hauen hirugarren deialdian, 580 milioi euro banatuko dira Europako 21 herrialdetan lan egiten duten 39 nazionalitatetako 427 proiektu aurrera ateratzeko.
Ikerbasquen ikertzaile dabiltzan Rainer Hillenbrand alemana, Luis Hueso espainiarra eta Geza Toth hungariarra dira Europako diru-laguntza jaso duten proiektuen egileak. Hiruren artean, bost milioi euro inguruko aurrekontu bateratua izango dute nanoteknologiaren aplikazioarekin lotutako ikerketak eta fisika kuantikoaren alorreko ikerketa teoriko bat lantzeko.
IKERTZAILEAK ETA PROIEKTUAK
Rainer Hillenbrand (Friedberg, Alemania, 1972) Fisikan doktoratu zen 2001ean Municheko Unibertsitate Teknikoan. Nanogune ZIZen sartu zen 2008ko otsailean Ikerbasqueren bitartez, baina horren aurretik, Martinsried-eko (Alemania) Max Planck Biokimika Institutuko Molekula-Biologia Estruktural Sailean lan egin zuen, eta irakasle bisitaria izan da New Yorkeko Rochester Optika Institutuan eta Bartzelonako Zientzia Fotonikoen Institutuan. Horrez gain, azken belaunaldiko mikroskopio optikoak garatu eta fabrikatzen dituen enpresa bat sortu du bere jaioterrian.
"Infragorri eta Terahertz Frekuentzietako Nanotomografia Espektroskopikoa" da diru-laguntza jaso duen proiektuaren izenburua, eta nanometroetan (metro baten milioirenetan) neurtzeko moduko egitura arras txikien hiru dimentsioko irudiak lortzeko teknika mikroskopiko berri bat lortzea da bere helburu nagusia.
Bestalde, Luis Hueso (Madril, Espainia, 1974) Fisikan doktoratu zen Santiago Compostelako Unibertsitatean (2002). Nanogune ZIZen 2008ko abenduan sartu zen, baina horren aurretik, Cambridgeko Unibertsitateko Materialen Zientzia Sailean, Italiako Ikerketa-Kontseilu Nagusiko (CNR) Material Nanoestrukturatuen Ikerketarako Institutuan eta Leeds-eko Unibertsitateko (Ingalaterra) Fisika eta Astronomia Sailean lan egin zuen.
"Espineen Garraioa Semieroale Organikoetan" izenburua du Europako diru-laguntza jaso duen proiektuak. Honen bidez, neurri nanometrikoko dispositibo elektronikoak fabrikatzeko material berrien ikerketa bultzatu nahi da, silizioaren ordez molekula organikoak erabilera sustatuz. Egungo elektronikaren ordezkoa bilatzeko ahalegin honetan, bat egin dute fisikak, materialen zientziak eta ingeniaritza elektronikoak.
Azkenik, Geza Toth (Hungaria, 1971) Ingeniaritza Elektrikoan doktoratu zen Notre Dame-kom Unibertsitatean (Indiana, AEB), Budapesteko Unibertsitatean lizentziatura lortu ondoren. Geroztik, ikertzaile ibili da Oxfordeko Unibertsitatean (Fisika Teoriko Sailean), Max Planck Optika Kuantikoko Institutuan (Munich, Alemania) Egoera Solidoko Fisika eta Optikari buruzko Ikerketa Institutuan (Budapest, Hungaria) eta Bartzelonako Zientzia Fotonikoen Institutuan. 2008ko irailean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campuseko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Sailean sartu zen Ikerbasqueren bitartez.
"Multi-partikulen elkarloturen sorkuntza eta detekzioa sistema optiko kuantikoetan" izenburupean aurkeztu du bere lana. Funtsean ikerketa teorikoa da, baina esperimentazioari aplika dakiokeena, elkarlotura kuantikoa deritzonaren gainean. Fenomeno hau hiru fisikarik azaldu zuten 1935ean, Albert Einstein tarteko zela, eta metrologian aplika daiteke, zehaztasun handia eskaintzen baitu eskala atomikoko kantitate batzuren neurketan.