Euskadin zientzia sustatzeko ehun bat proposamen identifikatzen aritu dira Bilbon 115 ikertzaile

Bilbon bildutako zientzialariak
IKERBASQUE
Actualizado: viernes, 8 septiembre 2017 17:19

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko kontratatuak dituen nazioarteko 115 ikertzaile bildu dira ostiral honetan Bilbon, San Mames Barrian, datozen lau urteotan zientzia Euskadin sustatzea xede duten ehun bat proposamen zehatz identifikatzeko asmoz.

Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea arduratu da jardunaldiari hasiera emateaz, eta ondoren, mundu mailako lehen lerroko bi zientzialariren arteko eztabaida entzuteko aukera izan da: Pedro Miguel Etxenike DIPCeko (Donostia International Physics Center) presidentea eta Andreu Mas-Colell ERCko (Europako Ikerketa Kontseilua, ingelesezko siglen arabera) lehen presidente, ICREAren bultzatzaile eta BISTeko (Barcelona Institute of Science and Thecnology) presidentea. Moraisen esanetan, "Kataluniak ikerketa bultzatzeko ahaleginean lortutako esperientzia eredugarria da Euskadirentzat".

Etxenikek eta Mas-Colellek zientzialari eta zientzia kudeatzaile bezala duten ikuspegitik abiatuta eta nazioarteko panorama zientifikoaren gaineko ezagutzan oinarrituta, zientziaren Euskadiko etorkizunari buruz hitz egin dute, eta, zehazkiago, Ikerbasquek haien ustez datozen urteotan jarraitu beharko lukeen norabideari buruz.

Jarraian, Ikerbasqueko ikertzaileek, hainbat lantaldetan banatuta eta nazioarteko ikerketan bildu duten esperientzia zabalaz eta Euskadiko egitura zientifikoaren gaineko ezagutzaz baliatuta, datozen urteotan ikerketa eta Ikerbasque bultza ditzaketen "ideia garrantzitsuak, bideragarriak eta eragin positibokoak" identifikatu dituzte.

ICREA eta Ikerbasque Estatuko erakunderik garrantzitsuenak dira nazioarteko zientzialariak erakartzeko ahaleginean. ICREAk 250 ikertzaile baino gehiago erakarri ditu Kataluniara 15 urteko ibilbidean; Ikerbasquek, aldiz, jardunean egin dituen 10 urteotan, 215 ikertzaile erakarri ditu Euskadira. Bi erakundeok "eredu arrakastatsutzat" jotzen dira, maila goreneko zientzialariei aukerak eskaintzeari dagokionez.

Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren hitzetan, "Ikerbasque eta ICREA izeneko Kataluniako kidea Europa mailako erreferente bihurtu dira zientzialariak erakatzeko ahaleginean".