BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Research Fellow programaren 2018ko deialdia abian jarri du asteazken honetan. Programa horren bidez, Eusko Jaurlaritzak goi mailako ikertzaile gazteen "harrobia" sustatu nahi du. Aurreko bi deialdi arrakastaz burutu eta gero (58 lagun kontratatu dira jada), Ikerbasquek deialdi berria egin du beste 20 ikertzaile kontratatzeko, 2017ko deialdian baino bost gehiago.
Bere arduradunek jakinarazi dutenez, ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak Ikerbasque fundazioaren webgunearen bidez (www.ikerbasque.net) martxoaren 15 arte. Aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen irizpideen araberakoa.
Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskaditik kanpo lanean ari diren euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi du bereziki, goi mailako ikertzaile gazteen "harrobi bat" sustatzeko helburuarekin.
Zientziaren Legeak xedatutakoari jarraiki, Ikerbasquek bost urterako ikerketa kontratuak eskaintzen ditu. Azken urtean ebaluatuak izango dira eta kontratu iraunkorrak lortzeko aukera izango dute ikertzaileek. "Horrela, programa EAEko etorkizuneko ikerketa aitzindarien harrobi bihurtzen da", adierazi dute.
Research Fellow programak zeregin bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (beren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta, bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.
Deialdiaren bidez bereziki EAEtik kanpo lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatuko da. Helburu hau lortzeko, eskainitako lanpostuen %30 euskal ikertzaileei zuzenduta daude. Ikerbasqueren aurreikuspena da lau urtean goi mailako 20 ikertzaile baino gehiago itzuli ahal izatea.
Ikerbasquek zazpi milioi euro lortu zituen 2013. urtean Europako Batzordetik programa honetarako, Bruselak garapen zientifikorako ekimen europar onenetariko gisa hautatu eta gero, Europa guztian aurkeztutako 64 proposamenen artean. Eusko Jaurlaritzak ere programa finantzatzen du, EAEn zientzia sustatzeko duen konpromisoaren adierazle. Horri esker, Ikerbasque nazioarteko ezagutza eta ikerketa interesgune gisa finkatu da.