Irakasleak izan dira Ikastolen XXIII. Jardunaldien Pedagogikoen bigarren lan jarduneko protagonistak

Jardunaldian izan diren parte hartzaileak
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: miércoles, 20 abril 2016 16:39

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

   Irakaslearen lana eta lan horren garrantzia erakutsi du asteazken honetan Ikastolen XXIII. Jardunaldi Pedagogikoen bigarren lan jardunak. Gasteizko Goiuri jauregian egin da, 200 irakasle eta hezitzaile baino gehiago bildu dituen ekitaldian. Santiago Moll, Enrike Zuazua eta Irene Larraza izan dira hizlari gonbidatuak, eta euren esperientzien berri eman dute, berriz, Jakintza, Axular Lizeoa, Lizarra eta Ikasberri ikastoletako ordezkariek.

   Egun beteko lan jarduna izan dute Goiuri jauregira hurbildutako irakasle eta hezitzaileek, irakaslea eta haren egitekoa ardatz izan diren lan jardunean. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurrekoetxeak hartu dute sarrerako hitza eta biek goraipatu dute irakaslearen figura. Tellituk aitortza ere egin die ikastoletako irakasleei.

   Irakaslearen lana eta bere garrantzia erakustea izan du xede aurtengo jardunaldi pedagogikoen bigarren lan jardunak. Lehenbiziko jardunaldian eskola jazarpena eta Kiva programa jorratu baziren, aurtengo jardunaldien bigarren lan jarduna irakaslearen figuraren inguruan ardaztu da.

   Ohi bezala, gaian aditu diren pertsonak euren esperientziak kontatzeko gonbidatu dira jardunaldira. Horietako bat izan da Santiago Moll irakasle eta irakasle prestatzailea eta hezkuntza gaietako blogari ezaguna. Mollek "Lidergoa ikasgelan" izeneko hitzaldia eman du goizean, eta arratsean, berriz, tailer bat eman du denboraren kudeaketari buruz.

   Mollen arabera, hezkuntza "Egitearen Eskolaren eta Izatearen Eskolaren arteko oreka da". Lehenengoa curriculumean dago oinarritua, bigarrengoak lehentasuna ematen die sormenari, berrikuntzari, talentuari eta konpetentzia emozionalei. Oreka hori ikasgelan ezartzeko hainbat bide azaldu ditu. Mollen esanetan, Egitearen eskolaren eta Izatearen eskolaren arteko oreka egungo erronka handienetakoa da hezkuntza mailan.

   "Nik neuk eta beste irakasle askok egunero gelan aurre egin behar diogun erronka nagusietakoa da. Gela hori, eta maiz ahazten dugu hau, edukiz eta prozeduraz gain pertsonez eta emozioez ere betea dago", adierazi du.

   Bestalde, Enrique Zuazuak "Irakasten ikasten" hitzaldia eskaini du. Zuazua matematikari ezaguna da, eta katedraduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Irakasten eta ikasten, prozesua amaigabea dela esan du, irakaslea irakasten ari den neurrian ikasten ere ari delako. Irakaslea eta ikaslea binonomioaz mintzatu da, eta bien arteko "baso komunikanteei" buruz.

   "Irakasten eta ikertzen dugun neurrian ikasti egiten dugu, eta irakasteko ikasi ere. Ume eta gazteei ikasten erakusten diegu. Irakasleak ikaslea mugak gainditzera bultzatzen du, ikasle bakoitza izaki bakarra dela aintzat hartuta", azaldu du.

IRAKASLEA ETA IKASTOLA

   Azkenik, irakaslea eta ikastola eta bien arteko loturari buruz aritu da Irene Larraza, Tolosako Laskorain ikastolako lehendakari gisa. Komunikatzailea da Larraza, Etxepare Institutuko Komunikazio arduraduna, baina Laskorain ikastolako lehendakari gisa eta guraso gisa ikastolan bizi duen esperientziari buruz mintzatu da. "Guraso ikusezin baten aitormena" izan da bere hitzaldiaren izenburua.

   Hiru hitzaldi horiez gain, praktika on eta tailer gehiago ere egon dira jardunaldian. Enprendizaia edo ekintzailetasunaren inguruan hainbat ikastolaren esperientziak ezagutu dituzte parte hartzaileek. Zehazki, Ikasberri, Axular Lizeoa eta Lizarrako ikastolena. Bakarkako tutoretzari buruzko esperientzia kontatu dute, berriz, Ordiziako Jakintza ikastolako ordezkariek.