Foto: ELKAR
BILBO, 23 (EUROPA PRESS)
Irati Bediaga galdakoztarrak idatzitako "Beldarren hegaldia" ipuinak irabazi du Mikel Zarate haur literaturako saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, udazkenean kaleratuko da, sariaren antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Lezamako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak sortu zuten orain hiru urte saria, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez. Lehen urtean Asier Mendoza zarauztarra izan zen irabazle, banpiroei buruzko "Beste gu" izeneko liburuarekin; hurrengoan, Julen Gabiriaren "Nire aita ikusezina da"; iaz, berriz, Gaizka Arostegik idatzitako "Urrezko orrazia". Guztiak ere publikoaren eskura daude jada.
Laugarren ekitaldi honetan, aurkeztutako 16 lanen artean Irati Bediagarena hautatu du epaimahaiak aho batez. Lehen pertsonan idatzitako narrazioa da: Nahia hamar urteko neskatila bat da, inguruak bultzatuta ballet ikasteko izena ematen duena, baina ez da oso eroso sentitzen dantza klasikoan. Haurtzaroan izaten diren beldur eta konplexuak umorez eta trebeziaz lantzen ditu egileak, bai eta haurraren bizitzako alderdi desberdinak ere: lagunartea, familia edota barne mundua, guztia ere sentiberatasunez eta alaitasunez kontatuta.
Irati Bediaga Galdakaon (Bizkaia) sortu zen 1990ean eta "Beldarren Hegaldia" du bere lehenengo liburua. Magisteritza ikasi zuen eta Hezkuntzaren Psikologiako masterra egiten dabil.