DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)
Javier Aizpurua Materialen Fisika Zentroko zuzendaria (UPV/EHU-CSIC), eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) nanofotonikako teoria taldeko burua munduko ikertzaile aipatuenen artean azaltzen da Clarivate Analytics erakundeak argitaratu berri duen zerrenda ofizialean. Clarivate Analytics mundu mailako zientzia aldizkarien analisia eta bildumarako konpainia liderra da, eta duela gutxi argitaratu du zerrenda ospetsu hau.
Materialen Fisika Zentroko iturriek adierazi dutenez, ikertzaile baten ibilbide zientifikoa baloratzean, argitalpenen kopuruaz eta haien kalitateaz gain, bere ekarpenen garrantzia eta norainokoak ezagutzea ezinbestekoa da. Bere lanak komunitate zientifikoan izan duen eragina neurtu behar da, beste ikerketa batzuen inspirazio edo erreferente izan den, alegia. "Zentzu honetan, nazioarteko zerrenda ofizial honetan azaltzea, zalantzarik gabe, ohore bat eta ikerketa mailaren bikaintasunaren adierazgarri da", nabarmendu dute.
Zerrenda mundu osoko 3.300 ikertzailek osatzen dute, 21 ikerketa arlotan banatuta. Aizpuruaren ikerketak argia eta nanomaterialen arteko elkarrekintza du aztergai. Azken hamar urteetan, bere artikuluak 15.000 alditan aipatu izan dira, eta 17 argitalpen "top" bezala goraipatu dituzte. Javier Aizpurua lehen aldiz sartu da zerrendan, biomaGUNE ikerketa zentroko Luis Liz-Marzanekin batera. Zerrendan agertzen diren eta Euskal Herrian lanean dirauten ikerlari bakarrak dira.
Duela bi hamarkada baino gehiagoz, Web of Science zientzia arloko datu baseak zientzia esparruan urtean argitaratzen diren 2.000.000 artikuluen bilduma lanak egin ditu. Clarivate Analytics konpainiak datu base horretatik ateratzen ditu zerrenda osatzeko behar dituen ikertzaileen emaitzak.
Javier Aizpurua "pozik eta hunkituta" azaldu da aintzatespenarengatik. Bere ikerketa taldearen eta kolaboratzaileen lan sendoaren ondorioa dela gogoratu du, eta Materialen Fisika Zentroaren eta DIPCren bikaintasunaren eta nazioarteko izaeraren adierazgarri dela nabarmendu.
Aizpuruak bere ikerketa taldearen jarduera zuzentzen du eta Materialen Fisika Zentroaren zuzendaritza zientifikoa dauka bere kargu. Zentroa Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC) arteko zentro mixtoa da, eta Eusko Jaurlaritzak BERC (Basic Excellence Research Center) bikaintasun zentro bezala goraipatu du.