Katty Nevado izango da Bidegiko kudeatzaile berria

Katty Nevado
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 12 julio 2012 16:45

DONOSTIA 12 Jul. (EUROPA PRESS) -

Katty Nevado Larrañaga izango da Bidegi enpresa publikoko kudeatzaile berria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak haren izendapena onartu ondoren, eta irailaren 1ean hasiko da lanean.

Nevado duela 43 urte jaio zen Azpeitian, baina Donostian bizi da. Enpresen kudeaketan esperientzia handiko emakumea da eta, hain zuzen ere, horregatik hautatu du Aldundiak, Bidegi bezalako enpresa bat kudeatzeko profil profesionala delako garrantzitsua, ez profil politikoa.

Katty Nevadoren prestakuntza akademikoari dagokionez, Enpresa eta Ekonomia Zientzietan lizentziatua da, Deustuko Unibertsitatean, Gestio Aurreratuan masterra du eta beste hainbat trebakuntza ikastaro eginak ditu. Euskara eta gaztelera menperatzeaz gain, ingelesezko First Certificate titulua du, eta aleman pixka bat ere badaki.

Matia Fundazioan aritu da lanean orain arte, hasiera batean (2002 eta 2008 artean), zuzendari ekonomiko-finantzari bezala, eta, gerora (2008tik 2012ra), zuzendariorde gisa. Aurretik ere beste hainbat enpresatan izan du esperientzia: 1996tik 2002ra Bakelite Ibérica S.A. enpresako zuzendari administrari finantzaria eta controllerra izan zen, eta 1994tik 1996ra Lana S.Coop-eko zuzendari administrari finantzaria.

Enpresa horietan talde lanean jardun du, harreman estilo berrien ezarpena ere zuzendu du eta oreka ekonomiko finantzarioa lortzen aritu da. Hain zuzen ere, horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Sailari "oso pertsona egokia" iruditu zaio.

Katty Nevado irailaren 1ean hasiko da lanean Bidegin, baina uda honetan zehar Bidegiko langileak eta ordezkariak ezagutzeko bisitak egingo ditu eta enpresa publikoaren egoera ezagutze aldera lehen urratsak ematen hasiko da.