DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)
Kilometroak 2017ko abestia eta bideoklipa aurkezteko emanaldia izango dira ostiralean, apirilaren 28an, Oñatiko Zubikoa kiroldegian. Herriko zazpi musika talde arituko dira zuzenean, Aitor Uriarte -Latzen-, Ruper Ordorika, Sharon Stoner, Malenkonia, Hor Konpon, Txantxikuko ikasle, 1989ko Kilometroak jaialdiko abestiaren egile Juan Carlos Irizar eta Txantxikuko Kantu Tailerreko kideekin batera. Sarrerak salgai daude Txokolateixan eta Txantxiku ikastolako idazkaritzan, zortzi eurotan.
Emanaldia 21:30ean hasiko da -ateak 21:00etan irekiko dira-. Aurkezpena egiteko Oñatiko musikagintzaren historia azaltzen duen emanaldia prestatu dute. "1989ko Kilometroak jaialdia abiapuntutzat hartuta, herriko musikagintzak eboluzio handia izan du gaur egun arte, eta hori azalduko da ekitaldian", Jon Irizar Kilometroak 2017ko komunikazio arduradunak azaldu duenez.
Amaia Txintxurretak eta Markel Irizarrek gidatuko dute saioa eta bideo eta esketxen bitartez 1989tik gaur arteko ekimen eta aldaketa garrantzitsuenak irudikatuko dira.
"Abesti erakargarria, bizia eta dantzagarria" osatu dute Kilometroak 2017rako, eta emanaldiaren bukaeran aurkeztuko dira abestia bera eta bideoklipa, biak ala biak auzolanean sortuak. Bideoklipa Kepa Aranburuk eta Bernat Alberdik egin dute. "Auzolana denez jai honen oinarria eta aurtengo aldarri nagusia, herriko musikariek osatu dute kantua", azpimarratu du komunikazio arduradunak.
Eltziako parte diren hainbat musikari arduratu dira kantuaren doinuez, eta letra, berriz, Txinparta Bertso Eskolako kideek idatzi dute. Ahotsari dagokionez, asko oñatiarrak dira, nahiz eta badiren aurpegi ezagun batzuk ere, hala nola Ruper Ordorika, Zurine Hidalgo Hesian taldeko abeslaria, Angel Alkain aktorea edo Aitor Uriarte Latzen taldeko abeslaria.
Bestalde, igandean, apirilaren 30ean, txirrindulari profesionalekin sei kilometro inguruko bizikleta ibilaldia antolatu dute, Txantxiku ikastolako ikasle ohien egunari hasiera emateko. Ekintza goizeko 10:30ean hasiko da plazan eta adin guztietarako parte hartzaileentzako ibilaldia prestatu da. Amaieran parte hartzaile guztientzako fruta banatuko da eta txirrindulariekin argazkiak ateratzeko aukera egongo da.