Kontzertu Ekonomikoaren aurkako "kanpaina antolatua" salatu du Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 6 octubre 2015 13:42

GASTEIZ, 6 (EUROPA PRESS)

   Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak salatu du Kontzertu Ekonomikoari "zilegitasuna kentzeko oso ongi antolatutako kanpaina bat" martxan dagoela, eta auzi hori eztabaida "politiko eta elektoraletik" ateratzeko "ahalegina egiteko" eskatu du.

   Gobernu Bileraren ondoren eskainitako prentsaurrekoan, eta Susana Diaz Andaluziako Juntako presidenteak Kupoaren inguruan egindako adierazpenez galdetu diotenean, Erkorekak Jaurlaritzaren "kezka" azaldu du, "Kontzertua eztabaida politiko eta elektoraleko gai bihurtu nahi duen jendea dagoelako". Diaz Kupoa aldatzearen alde agertu zen, Euskadik "beste autonomia batzuk baino funts gehiago jasotzen dituelako zerbitzu publikoen prestaziorako".

   Halaber, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak deitoratu du erkidego autonomoen arteko "liskarrak piztu" nahi direla eztabaida honen bitartez "Estatu espainiarraren osotasunaren baitan". "Uste dugu ez dela hauteskunde eztabaidarako gaia", esan du.

   Erkorekak gogorarazi du Itun Ekonomikoak "oinarri historiko, juridiko eta ekonomikoa" duela, eta Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) "alde bakarreko arriskua" bere gain hartzen duela gaineratu du, Espainiako Ogasunak inoiz ezingo lukeelako euskal Ogasuna erreskatatu, euskal erakundeak "ekonomikoki itoko lituzkeen" egoera ekonomiko "larria" gertatuko balitz.