Foto: EH 11 KOLORE
BILBO, 21 (EUROPA PRESS)
EH 11 Kolorek "Euskal Herria anitzarentzat adostasunak" ekimena aurkeztu du gaur Bilbon, Nazioarteko Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Egunean. Dinamika horren bidez, Euskal Herriko kultur aniztasunaren kudeaketan adostasunak jorratu nahi ditu gizartean, hausnarketa eta eztabaida prozesu baten bitartez.
Ekimena aurkezteko prentsaurrekoan Xabier Mendiguren Bereziartu eta Xoxe Estevez EH 11 Koloreko bozeramaileek hartu dute parte. Ekimen berri honen bitartez, bereziki lau eremutan urratsak eman nahi direla jakinarazi dute. Jatorri aniztasuna eta lan eskubideak; Euskara eta hizkuntz aniztasuna; Erlijio aniztasuna eta jendarte laikoa" eta Hiritartasuna eta naziotasuna dira lau eremuak.
"Jendarte eragile, elkarte eta erakunde ahalik eta zabalenetara eraman nahi dugu jada eremu, akademiko, politiko, sozial edo erakunde batzuetan ematen ari den eztabaida eta hausnarketa. Euskal Herria 11 Kolorek kalera eraman nahi du lan hau eta, era berean, guztion borondatez eraiki gure herriaren berezitasunak aintzat hartuko dituen kultur aniztasunaren berezko eredua, Euskal Herriarentzat eginiko aniztasunaren kudeaketa demokratikoa alegia", esan dute.
Prozesu honetan, bidelagun batzuk izango ditu EH 11 Kolorek, laguntza eta jakintza eskainiz. Zehazki, Angel Miragaya, Bizkaiko SOS Arrazakeriko kidea eta abokatua, Xabier Barber ESK sindikatuko kidea eta Euskal Herriko Gutun Sozialaren sustatzaileetako bat, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Xabier Mendiguren Kontseiluko buru ohia eta EH 11 Koloreko bozeramailea, Hithem Abdulhaleem psikologoa eta Deustuko Unibertsitateko irakasle kolaboratzailea Islamiar Pentsamenduan, Andrea Ruiz Balzola Gizarte Antropologian doktoratua Deustuko Unibertsitatean eta Irma Orozko Europako Abokatu Demokraten Elkarteko parte den Eskubideak elkarteko
abokatua eta kidea dira ekimenaren bidelagun izango diren adituak.
Dinamika honen lehen atalean, adituek txosten bana sortuko dute eztabaidarako lau eremuetan; ideia nagusi batzuk jasoko dituen idatzia izango da hau. Udara ostean txosten horiek aipatutako eremu bakoitzean lanean ari diren elkarteei helaraziko zaizkie, hala nola sindikatuei, eskubide sozialen defentsan ari diren elkarteei, erlijio komunitate eta jendarte laikoko elkarteei, eskubide zibil, politiko eta giza eskubideen defentsan jarduten diren elkarteei eta euskalgintzari.
Haiekin guztiekin eztabaidatu eta hausnarketarako eremu bakoitzean adostasun zabalak lortzen saiatuko da, eta azkenik, euskal jendarteari ere eman nahi zaio aukera ekarpenak egin ditzan eta horretarako martxan jarriko dira foro berezi batzuk.