Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma arautzen duen LOMCEko araudiaren zati bat indargabetzeko eskatu du Jaurlaritzak

Actualizado: lunes, 28 abril 2014 14:16
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

   Espainiako Gobernuari Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen duen otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuaren artikulu batzuk eskumenik ezagatik indargabetzeko eskatzea onartuko du astearte honetan, apirilaren 29an, seguru aski, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak. Jaurlaritzaren ustez, ikasgai guztien edukietan, helburuetan, ebaluazio irizpideetan eta ikaskuntza estandarretan esku hartzeko Euskadik dituen eskumenak ez ditu errespetatzen Espainiako Gobernuak.

   Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Espainiako Gobernuak "muga gainditu du" Lehen Hezkuntzaren oinarrizko curriculumaren erregulazio xehekatua egitean, "praktikan eragotzi egiten baitio Euskal Autonomia Erkidegoari berezko hezkuntza politika garatzea".

   Hala, Espainiako Gobernuak, esaterako, xehe-xehe arautu ditu enborreko ikasgaien edukia, ebaluazio irizpideak eta ikasteko estandarrak, eta, ondorioz, indargabetu egin du Euskal Autonomia Erkidegoak haien edukiak taxutzeko ahalmena.

   Berariazko ikasgaiei dagokienez, "guztiz baldintzatuta" gelditzen da haien edukiak zehazteko ahalmena, eta gauza bera gertatzen da konfigurazio askeko ikasgaiekin, berezko hizkuntzan eta literaturan izan ezik, hezkuntza administrazioaren ahalmena "garrantzirik gabeko" posizio batean gelditzen baita.

    Gainera, Jaurlaritzaren arabera, Espainiako Gobernuak ikasleak Lehen Hezkuntzaren amaieran ebaluatzeko probak eta irizpideak finkatzeko eskumena ere hartu du beretzat. "Kontzepzio monopolista horrek talka egiten du hezkuntza-sistema zehazteko eta ebaluatzeko EAEk duen ahalmenarekin", salatu du.

   Bestalde, Espainiako araudiak xedatzen du berezko hizkuntzak eta literaturak gaztelaniaren eta literaturaren tratamendu bera izango dutela, eta Jaurlaritzarentzat, "hori gehiegikeria onartezina da", Euskara ikasgaia arautzea EAEren eskumen esklusiboa baita, eta EAEk baino ezin ditu ezarri koofizialtasunaren irismena zein euskarak irakaskuntzako ikasgai eta hizkuntza gisa duen agerpena. "Espainiako Gobernuak muga ere gainditu du hizkuntza eta literatura koofizialaren ikasgaia nola eta noiz ebaluatu behar den ezartzen duenean", gaineratu du.

   Eusko Jaurlaritzak aurkeztuko duen eskaeraren bidez honako artikulu hauek indargabetzeko eskatuko zaio Espainiako Gobernuari:  3.1 a) 1., 2. eta 3. eta 3.1 b) 6. eta 7.; 4. eta 5. eta I. eta II. eranskinak; 8.4, lehen lerrokada, azken tartekia; 12.4, lehen lerrokada, azken tartekia; eta bosgarren xedapen gehigarria, 1. eta 2. paragrafoak.

   Espainiako Gobernuak entzungor egiten badio errekerimendu honi, edo baztertzen badu, otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuaren aurkako errekurtsoa jarriko du Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegiaren aurrean. Araudi bat denez, "Eskumen Gatazka Positibo" bat (Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 63. art.) aurkeztuko da konstituzio kontrakotasun errekurtsoaren ordez (azken hau Lege eta Lege Dekretuen kasuan erabiltzen da).

ERASMUS BEKAK

   Bestalde, Eusko Jaurlaritzak administrazioarekiko auzi errekurtso bat ere jarriko du -bigarren urtez jarraian- Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko estatu idazkariaren ebazpen baten aurka, ikasleei Erasmus bekak eskaintzeko laguntzetatik kanpo uzten dituelako Lanbide Heziketako zentroak.

   Otsailaren 14ko ebazpen horrek, "Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparruko Zentroei Unibertsitateetako, Goi Mailako Irakaskuntzako eta Goi Mailako Prestakuntza Zikloetako Erakundetako ikasleentzat ekarpen osagarriak ematen dizkienak", ikasleei 2013-2014 ikasturtean Erasmus bekak eskaintzeko laguntzetatik kanpo utzi ditu Lanbide Heziketako zentroak.

   Espainiako Gobernuak aurrekontu murrizketak argudiatu ditu hori egiteko, baina Eusko Jaurlaritzaren iritziz, "zentro horiek gainerakoen aldean diskriminatzea dakar, justifikazio edo arrazoi juridikorik gabe".