Lorategi botaniko bat eta aire libreko gimnasio bat egongo dira Urdulizeko haurreskolaren ondoan

Actualizado: miércoles, 29 diciembre 2010 12:39

BILBO, 29 Dic. (EUROPA PRESS) -

Urdulizeko (Bizkaia) haurreskolak lorategi botaniko bat eta aire libreko gimnasio bat izango ditu ondoan. Izan ere, apurka-apurka, Arteta kalearen ingurua "udalerriko gunerik garrantzitsuenetakoa" bihurtzen ari da, duen kokapenagatik eta zerbitzuengatik, Urdulizeko Udaletik nabarmendu dutenez.

Arteta kalean dauden zerbitzuetako batzuk martxan daude jada, esate baterako, dagoeneko guztiz finkatuta dagoen Kultur Etxea; beste batzuk, aldiz, haurreskolaren kasuan adibidez, martxan hasteko puntuan daude, eta ezin da ahaztu, haurreskolaren ondoan, Osasun Zentroa egongo dela etorkizunean.

Inguru osoko hirigintza-lanak forma hartuz doaz. Horrela, haurreskolaren ondoan dagoen 4.000 metro koadroko partzelarako, lorategi botanikoa (udalerriko lehenengoa) eta aire libreko gimnasioa diseinatu ditu Urdulizeko Udalak. Azken hori pertsona nagusiei egongo da zuzenduta batez ere, eta beraientzat egokitutako makinak eta tresnak egongo dira.

Modu horretan, Kultur Etxea eta haurreskola parke polit baten bidez egongo dira lotuta, hirigintza iraunkorraren erakusgarri gisa. Gainera, parke horretan 40 zuhaitz-espezie egongo dira, eta natura maite dutenek izugarri gozatuko dute lorategi botaniko horretan. Horrela, gaur egun orube itsusi eta sastrakaz betea bada ere (inguruko lanetan pilatutako isurketetarako erabiltzen da), "laster urduliztarren aisialdirako eta gozamenerako espazio zoragarria egingo da". "Birika bat, herriaren erdi-erdian", azaldu dute.

Ibilbide ekologiko bat planteatu da, bi metroko zabalerakoa eta hartxintxarrez egindako zoladura izango duena, diseinu berde horretan integratzeko. Erdiko tartea espiral erakoa izango da, eta bigarren mailako bideak agertuko dira tarteka, parkean zehar hainbat ibilbide egin ahal izateko. Ibilbide nagusian, aipatutako zuhaitzen ilarak landatuko dira, eta, zuhaitz bakoitzaren ondoan, identifikaziorako plakak jarriko dira, espezie bakoitza hobeto ezagutu ahal izateko.

Kultur Etxetik hurbilen dagoen partzelako gunean gimnasiarako tresnak jarriko dira. Hirugarren adinekoentzako kirol praktika osasungarrirako daude pentsatuta, baina edonork erabili ahal izango ditu. Jarriko diren makinei esker, beso, aldaka edo hanken gimnasia egin ahal izango da.

Aire libreko gimnasio hauek Bizkaiko udalerri askotan instalatu dira, eta emaitza onak lortu dituzte. Erabiltzaileek tresna hauen onurak nabarmentzen dituzte, eta beste pertsona batzuekin modu positiboan harremanetan egoteko aukera ere ematen dute.

Lorategi botanikoarekin eta gimnasioarekin batera, estetika abangoardistako zenbait hiri-altzari ere jarriko dira. Hori horrela, argiak sinpleak eta estilizatuak izango dira, baina, 'led' erako azken belaunaldiko argiztapen sistema bati esker, oso berritzaileak izango dira, elektrizitate kontsumoa neurri handi batean murriztuko dute eta.

Hirigintza-lanak Kultur Etxearen ondoan osatuko dira, "Zazpiak Bat" eskulturaren lorategian. Udalaren asmoa da inguruko zentroetara joateko dauden ibilbideak erabiltzea, plaza baten erdialdea okupatuko duen izar handi bat sortzeko, plaza hori sareta batez estaliz. Elkarguneetan arrosadiak egongo dira, kolorea emateko. Azkenik, haurreskolaren ondoan, umeen jolasgunea egongo da, zabu eta txirristekin.