NanoKOMIKen bigarren edizioa abian da, zientzia eta artea uztartuz nanofikziozko komiki bat sortzeko

Komiki tailerrak ere antolatuko dira eskoletan
NANOGUNE
Actualizado: jueves, 30 marzo 2017 12:24

DONOSTIA, 30 (EUROPA PRESS)

NanoGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) nanozientzian eta materialen zientzian espezializatutako ikerketa zentroek nanoKOMIK 2017 proiektua abiarazi dute nanofikziozko komiki parte hartzaile bat sortzeko asmoz. Nanozientzian eta nanoteknologian egiten diren aurrerapenek eskaintzen dituzten aukerak gizartean hedatzea eta gazteen sormena piztea du helburu proiektuak.

Horretarako, 2017ko nanoKOMIK erronka jarri da martxan. Desafioa, "nanoboteredun" superheroi bati buruzko istorio grafikoa sortzean datza, alegia, nanozientziari eta nanoteknologiari esker gaitasun bereziak bereganatzen dituen pertsonaia bati buruzko komikia, ekimenaren antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Aurtengo edizioan erronkak bi adin kategoria izango ditu: 14-18 urtekoa eta 18 urtetik gorakoa. Erronkan aurkezten diren istorioek nanoboterearen oinarri zientifikoak izan beharko ditu abiapuntu bezala, eta haren erabilgarritasuna islatu. Horretarako, www.nanokomik.com webgunean informazio ugari eta bideo sorta bat izango dute eskuragarri parte hartzaileek: alde batetik, materiak nanoeskalan dituen propietate harrigarriak zientzialariek beraiek azalduta, eta, bestetik, marrazkilari batek komikiak egiteko gakoak erakutsiko dizkie pausoz pauso. Lanak webgunean bertan aurkeztuko dira ekainaren 11ra arte.

Bigarren fasean, helduen kategoriako irabazleak nanofikziozko komiki parte hartzailea egiteko aukera izango du, gazteek erronkan sortutako istorio originaletan eta ideia berritzaileetan oinarrituz. Berriztapen honekin proiektuaren izaera parte hartzailea nabarmendu nahi da, komikilari berrien lana ezagutzera ematearekin batera.

TAILERRAK

Bestalde, datozen hilabeteetan, hainbat zientzia eta komiki tailer antolatuko dira Euskal Herrian, Bartzelonan eta Madrilen. Bi motatako tailerrak izango dira: 14-18 urteko gazteentzat (Euskal Herrian, eskoletan bertan egingo dira, maiatzaren hasieran), eta DBH eta Batxilergoko zientzia eta arte irakasleentzat, apirilaren 4an Donostian, proiektuak ikasgeletara heltzeko aukera izan dezan.

Zientzialari eta marrazkilari batek bideratuko dituen tailerretan alderdi zientifikoa eta artistikoa uztartuko dira. Tailerrak eskoletan egingo dira eta irakasleen tailerrean parte hartzeko www.nanokomik.com webgunean izena ematea beharrezkoa da.

Halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako Fakultatean "Nanozientzia komikirako inspirazio iturri gisa" izeneko mintegia antolatu da artista gazteei ere gonbidapena luzatzeko asmoz.
Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa (FECYT) Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren proiektuaren laguntzailea da.